Euskadi Next

Europako funtsetatik 5.700 milioi euro lortzeko proiektuak zerrendatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Next Euskadi programa onartu du Eusko Jaurlaritzak, Europako funtsekin lagundu nahi diren proiektuak zerrendatuz. 188 egitasmo dira, horietatik hamasei estrategikoak. Europatik 5.700 milioi euro nahi lituzkete haietarako, guztira 13.000 milioi eurotik gora aktibatzeko. Zerrenda Madrilera joango da orain. 

Urkullu eta Azpiazu, gaurko agerraldian. IREKIA
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 29a
13:33
Entzun

Europako funtsetatik 5.702 milioi euro lortzeko 188 proiektuko zerrenda bat egin du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programan. Guztira 13.135 milioi euro «aktibatuko» lituzketen proiektuen artean, hamasei jo dituzte estrategikotzat. Haiek zerrendatzerakoan izandako irizpideen artean egon da egingarritasuna, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldu duenez. Izan ere, Europako Suspertze Funtsak jaso nahi badituzte, epeak inportanteak izango dira, egitasmo guztiek abian egon beharko dutelako 2026. urteko abendurako.

Europako funtsetarako Bruselan zein Madrilen ezarritako oinarri eta irizpideak aintzat hartuta, Euskadi Nextek zortzi alderdiren inguruan atondu ditu proiektu hautagaiak.

Osasunari eta zaintzari lortutako proiektuen artean, adibidez, 27 inbertsio egin nahi dira, eta horietatik hiru jo dituzte estrategikotzat: Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT); Osasunberri proiektua, COVID-19aren eta etorkizuneko pandemien kudeaketarako diagnostikoen eta terapien soluzio integrala; eta Zaintzen Ekonomia proiektua.

Bizialdi osoko prestakuntza da Euskadi Nexten beste ildo bat. Hor ez dute jaso egitasmo estrategikorik, baina zortzi inbertsio aurreikusi dituzte. Energia berriztagarrien sorkuntza izango da Next Euskadi programaren beste adar garrantzitsu bat, hamazazpi inbertsiorekin, horietatik hiru estrategikoak: Hidrogenoaren Euskal Korridorea-BH2C, Eoliko Flotagarriaren Hub delakoa, eta Hidrogenoaren balio katea garatzeko proiektua (elektrolizatzaileen ekoizpena): Iberlizer.

Mugikortasun jasangarrian ere ahalegin handia antzematen da; hogei proiektu horietatik, bost dira estrategikoak: Basquevolt gigafaktoria, Battery Pack Multimobility, Basque CCAM LAB, Mubil poloa, eta etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako Smart Factory proiektua.

Proiektu gehien, dena den, digitalizazioa eta berrikuntza erreferentziaren azpian lerrokatu ditu Euskadi Next programak. Horietatik hiru dira estrategikoak: Basordako akuikultura ekoizpenerako lurreko parkea, Basque Research & Technology Alliance proiektua (BRTA), eta Gipuzkoa Quantum proiektua.

Hiri habitatean, berriz, 18 proiektu garatu nahi ditu programak, eta horietan estrategikotzat jo du EAEko eremuetako hiri berroneratze integrala. Habitat naturalean eta hondamendi naturalen prebentzioan ere 18 proiektu izango dira, eta estrategikoa izango da klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko Hondamendi Naturalen aurreko Erresilientzia proiektu estrategikoa (Resina).

Ekonomia zirkularrean, berriz, hamabi inbertsio egin nahi dira; horien artean, industria lurzorua balioztatzekoa, Eusko Jaurlaritzarena.

«Agiri bizia»

Orain Madrilera bidaliko dena lehen zerrenda dela azpimarratu dute bai Iñigo Urkulluk, bai Pedro Azpiazuk: «Agiria bizia» dela, eta zabalik egongo dela aldaketa eta ekarpenetarako. Lehendakariaren arabera, orain hasiko da negoziazioa, eta, edonola ere, Europako lehen diruak ez dira iritsiko 2021 bigarren seihilekoa baino lehen.

Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak inbertsio kopuruaren tamaina ere aipatu du, aktibatu nahi diren 13.700 milioi euroei buruz: «Kopurua itzelezkoa da; gure urteko BPGaren %20 inguru da, eta inbertsioa urtero BPGaren %3,5 haziko litzateke. Ahalegin inportantea litzateke, egiaz eraldatzailea ekonomiarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.