Futbola

Marcelino: «Athleticen betiko balioekin bat egiten du nire estiloak»

Athleticeko entrenatzaile berriak garbi esan du bere aurkezpenean zertara datorren: «Ahalik eta gehien irabazi nahi dugu». Aitor Elizegi presidenteak ere bide horretatik jo du, Gaizka Garitano bota eta Marcelino fitxatzea azaltzeko: «Erronka handia dugu 2021ean, eta beharrezkoa zen pauso hau ematea».

jarraia191862.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 5a
18:05
Entzun

Marcelino Garcia Toral «irabaztera» etorri da Athleticera. «Ahalik eta gehien irabazi nahi dugu», esan du aurkezpeneko agerraldian, San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan. Alboan izan ditu Aitor Elizegi presidentea eta Rafa Alkorta kirol zuzendaria. Agintari gorenak ere erantzun behar izan ditu kazetarien galderak, eta irabaztearen jiran justifikatu nahi izan du Espainiako entrenatzailea fitxatzea, eta aurretik, Gaizka Garitano botatzea: «2021ean erronka historikoa daukagu, eta pauso hau ematea beharrezkoa izango da». Kopako finalaz ari zen presidentea, aipatu ez badu ere, eta erantzun horrekin iradoki egin du Garitano aulkian egonda Athleticek ezingo zuela Kopako finala irabazi; bai, ordea, Marcelinorekin. «Hazten segitu nahi dugu», esan du, eta erantzun bera eman du Alkortak ere. 

Garitanori eskerrak emanez hasi du agerraldia presidenteak, eta ondoren iritsi zaio galderak erantzuteko txanda entrenatzaile berriari. Aurrenekoan esan du igandean bertan jaso zuela Athleticen eskaintza: «Duela bizpahuru egun arte, nire eta nire laguntzaileen asmoa zen Espainiako liga ez den beste lehiaketa batean murgiltzea, baina eskaintza jaso, eta baiezkoa eman dugu». Zergatik baiezkoa? «Ez dugulako beste aukerararik izango talde handi eta historiko hau entrenatzeko. Oso egitasmo polita da, esperientzia ederra». 

Taldearen inguruan, hitz onak baino ez ditu izan, errespetuzkoak: «Itxura ona hartzen diot jokalari multzoari». Orain, haiekin egin beharko du lan, eta zer estilo eta bidetatik joko duen galdetuta, hauxe erantzuna: «Athleticek badu betiko estilo bat. Intentsitatea, azkar jokatzea, dinamismoa, irabazteko grina... Nire balioak ere horiexek dira, eta horrek lagundu egingo dit egokitzapena errazagoa izaten». Estiloa hizpide hartuta, haren defentsa egin du: «Sistema baino estiloa da funtsezkoa». Gehiago ere sakondu du horretan: «Lau atzelarirekin eta bi euskarrirekin jokatzea asko gustatzen zait. Beste lau jokalariekin oreka eta sakontasuna lortu nahi izaten dut aldi berean». Baina jokalarien ezaugarriak funtsezkoak direla gehitu du: «Haiek zehazten dute azkenean 4-4-2 (bere gustukoena) den, edo 4-2-3-1 edo 4-4-1-1. Azkenean, jokalariak eroso badaude, ondo jokatuko dute». Hori bai, garbi utzi du bere ñabardurak sartuko dituela jokatzeko moduan, eta entrenatzeko denbora gehiago ez edukitzea kalterako dela hori lortzeko: «Baina badakigu zein den egoera, eta eskaintza onartzerako bagenekien partida asko ditugula oso denbora gutxian». 

Buruan duen hori eta beste taldeetan ezarri duena Athleticen erabili ahalko ote duen... Balizko fitxaketekin lotu du: «Gaurkoa da garrantzitsua. Biharkoak ez du balio. Taldea ezagutu nahi dut». Horrekin lotu du klubaren filosofian euskarri den harrobiko lana, eta garbi esan du gazteen aldeko hautua egingo duela. Baina gauzak bere neurrian egingo dituela: «Oso emankorra da hemengo haztegia, eta baliatu nahi dugu. Baina ez gazte guztiak batera eta kolpetik sartuz, pausoek sendoak izan behar dute». Klubaren filosofia horrekin erabat bat egiten duela gehitu du, eta baduela horretan esperientziarik bere jatorrizko klubean, Sporting Gijonen: «Garbi esango dut ez dudala hemengo harrobia ondo ezagutzen, eta horretan lagunduko didate bertako profesionalek. Baina hau guztia ezagutzen dut, Sportingetik». 

Ez du hasiera lasaia izango Marcelinok, hamabi egunean hiru partida dituelako, eta lau akaso, Superkopako finalera heltzen bada datorren astean. Bartzelona, Atletico Madril eta Real Madril ditu lehen hiru aurkariak, baina ez dago kezkatuta horrekin: «Gaur egun, ligan, edozeinek edozeini irabazten dio, baita galdu ere edozeinek edozeinen aurka». Lehendabiziko erronka bihar bertan dauka, San Mamesen, Bartzelonaren aurka. Baikorra da entrenatzaile berria: «Irabaz diezaiekegu, asmatu egin behar». Bihar ikus daitekeen estiloaren inguruan, pista bat eman du: «Baliteke haiek guk baino gehiagotan edukitzea baloia, baina Athleticen hori ez da inoiz erabakigarria izan». 

Galdetu zaio baita ere bere garaian Athleticen inguruan egin zituen adierazpen batzuen inguruan. Esan zuen talde zuri-gorriaren alde egiten zutela epaileek. Honela azaldu nahi izan ditu ordukoak: «Urte asko pasatu dira. Ziur nago ez niola errespetua galdu Athletici. Batzuek pentsa dezakete oker aritu nintzela, eta barkamena eskatzen diet». Garai hartako testuinguruan jarri ditu hitz haiek: «Esan nituen orduan zuzentzen nuen taldea defendatzeko. Entrenatzaileok batzuetan halako estrategia erabiltzen dugu gure jokalariei presioa kentzeko, eta orain ere gauza bera egin behar badut, egin egingo dut. Hori bai, esperientziak lagundu egiten digu denoi hanka gutxiago sartzen». 

Athleticen aulkian haren aurretik egon denari ere zuzendu zaio Marcelino: «Gaizkak oso lan ona egin du. Pentsa non eta nola hartu zuen taldea, eta zer lortu duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.