Eguraldia

Bigarren mailako errepide batzuk itxi dituzte Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan

Belagua, Iturzaeta (Nafarroa), Urduña, Herrera (Araba), Azurki, Elosua eta Karabieta (Gipuzkoa) portuak itxi dituzte elurrarengatik eta hormarengatik. Nafarroa erdialdean eta Erriberan abisu laranja ezarri dute, eta Nafarroako isurialde atlantikoan, horia.  

Elurra errepidean, Tutera (Nafarroa) parean. NAFARROAKO GOBERNUA.
Irati Urdalleta Lete - Paulo Ostolaza - Iker Tubia
2021eko urtarrilaren 9a
08:50
Entzun

Elurrak arazoak sortu ditu Hego Euskal Herriko bigarren mailako zenbait errepidetan. Nafarroan kateak erabiltzea derrigorrezkoa da Izabako, Urbasako, Arasko, Urkiagako, Meanoko, Artesiagako eta Matamachoseko portuetan, baita Izabatik Zurizara (Espainia) doan NA-2000 errepidean eta Aralarren ere; eta Araban, Opakuako, Bernedoko eta Gasteizko portuetan. Gainera, kamioiak ezin dira Bernedon eta Opakuan ibili. A-68 Ebroko autobidea trafiko astunarentzat itxi dute Nafarroan, Zaragozarako noranzkoan, 84. kilometrotik aurrera, Aragoin (Espainia) elur asko pilatu baita errepidean.

Loiuko aireportuan (Bizkaia) ere arazoak izan dituzte bidaiariek: Madrilen lur hartu behar zuten hiru hegaldi bertan behera gelditu dira, hango aireportua itxita dagoelako. Madriletik Loiura joan behar zuten beste hiru hegaldi ere bertan behera gelditu dira. Trenbideei dagokionez, Zaragoza (Espainia), Castejon (Nafarroa) eta Iruñea lotzen dituen tren zerbitzua bertan behera utzi dute. Oraingoz Iruñea eta Gasteiz arteko trenbidea ez dute itxi.

Iruñean arazoak sortu dira arratsaldean billabesekin. Hiriko autobus batzuek ezin dute ohiko bidea egin, eta ibilbide laburragoak egiten ari dira. Hauek dira elurrarengatik arazoak dituzten lineak: 5, 6, 9 eta 23. Gainerako billabesek ez dute arazorik izan.

Larrialdi zerbitzuek kontuz ibiltzeko eskatu dute. Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi dute mendian dagoen egoera ez dela ohiko egoera elur kopuruarengatik eta motarengatik, eta hotzarengatik. Atzo, Lepoederren elur jausi txiki bat izan zela gogorarazi dute, eta bideoa zabaldu.

Elurra Erriberan

Gaueko ordu biak aldera hasi du elurra Tuteran (Nafarroa), eta ez du gelditu ordutik. Oraintxe, sei zentimetro inguruko lodiera du elur geruzak han, baina ez da oso elurte indartsua ere. Tenperatura zero gradukoa da, eta elurra egun osoan zehar egingo duela aurreikusi dute. Tuterako alkate Alejandro Toquerok erakutsi duen moduan, goizean goizetik ari dira lanean elur makinak prezipitazioek herritarren joan etorrietan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten. 

Jaurlaritzak, abisu horia 

Hori ikusita, hainbat ohartarazpen egin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, 06:00etatik 00:00etara. Nafarroako Gobernuak, berriz, Babes Zibileko Planaren larrialdiko lehen maila eta Neguko Bide Planeko bigarren fasea ezarri ditu. Gainera, abisu laranja egongo da indarrean Erriberan eta Nafarroa erdialdean, eta ez dute baztertu Erriberan abisu gorria ezartzea ere. Lurraldearen isurialde atlantikoan, berriz, abisu horia dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.