LGTBI mugimendua

Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako arartekora jo dute

Administrazio publikoek behar baino finantzaketa txikiagoa eman dietela salatu dute arartekoari aurkeztutako dokumentu batean. Ikerketa bat egiteko eskatu diote, laguntzak murriztuta biktimentzako arreta zerbitzuak mugatzen direla argudiatuta.

Nafarroako Harrotu sexu aniztasunerako bulegoa desegitearen aurkako protesta. IÑIGO URIZ / FOKU
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 14a
10:51
Entzun

Baliabie ekonomikoak murriztu dizkietela eta, Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako arartekoari eskatu diote ikerketa bat abiarazi dezala. Administrazio publikoek finantzaketaren kantitate bat eteteak LGTBIfobiaren biktimei laguntzeko zerbitzuak eskaintzea eragozten duela oroitarazi dute; hala nola lege arreta, arreta juiridikoa eta arreta psikosoziala.

"Gero eta kezkatuago gaude baliabideak gero eta gehiago mugatzen ari direlako, eta murrizketa horiek oztopoak dakartzalako gure lanerako", azaldu dute prentsa ohar batean. Ohartarazi dute iturri ekonomikorik gabe, lan egiteko oinarrizko baliabiderik gabe —langileak eta lanerako beharrezko materiala—, ezin dutela arreta egokia eman. Horregatik, Espainiako arartekoari eskatu diote aurkeztutako kexa onartzeko eta ikertzeko ea aurten jaso duten finantzaketa "neurrikoa eta egokia" ote den eskaintzen duten zerbitzua eman ahal izateko.

Kataluniako LGTBIfobiaren aurkako behatokiko presidente Eugeni Rodriguezek erregistratu du kexa: "Ez da onargarria beren lurraldeetan lan ukaezina egiten duten eragileek zentimo bakar bat ere ez jasotzea estatuko administrazioen aldetik". Haren ustez, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei arreta espezifikoa eta espezializatua eman behar zaie, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du behatokiok baliabide ekonomiko "duinez" hornitzea. Galiziako behatokiko arduradun Carlos Emiliok ere administrazioei eskatu diete "jabetzeko" zein lan egiten duten eragileok.

Ika-mika Gasteizen

"Onartezina da gorroto delituen eta diskurtsoen goranzko egoera batean, bizi dugun osasun krisi larrian, LGTBIfobiari aurre egin beharreko baliabideak murriztuz joatea" deitoratu du Amets Martinez de Hereditak, Lumagorriko presidente eta Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren kudeatzaileak. "Erakundeek behatokietatik egiten ari garen lana aitortu eta babestu behar dute", azpimarratu du.

Lehenago ere, Lumagorrik salatu izan du Gasteizko Udaleko aurrekontuetan diru sorta txikiagoa jaso dutela gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko eta LGTBIfobiaren eta indarkeria sexistaren aurkako egitasmoek. Zehazki, Ikusgune behatokiarekin udalak zuen hitzarmena 70.000 eurotik 30.000 eurora jaitsi dute, eta behatokiak berariaz jasotzen zituen 20.000 euroak ere ez dituzte sartu aurrekontuetan. Gasteizko Berdintasun Planak ere 45.000 euroko murrizketa jasan duela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.