Bilboko portuko lan gatazka

Zamaketariek akordio bat onartu dute lan hitzarmena negoziatzen jarraitzeko

Langile batzordearen gehiengoak sinatu du, baina ELA eta LAB kanpoan gelditu dira. Orain, hamabost egun dituzte negoziazio mahai berria osatzeko.

Bilboko portuko zamaketariak protesta ekintza batean. GOYO DOCKER
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 14a
13:31
Entzun

Bilboko portuko lan gatazkaren korapiloa askatzen hasteko akordioa lortu dute zamaketarien sindikatuetako batzuek eta Bilbo Estibak. Espainiako lan ministerioaren zaintzapean egun eta erdiz negoziatu ondoren, Coordinadorak, UGT eta Kaia sindikatuetako ordezkariek akordio bat lortu dute Bilboko portuko zamaketa enpresak batzen dituen elkartearekin. Bi aldeek zazpi akordio puntu adostu dituzte «negoziatzen jarraitzeko». ELA eta LABek ere ordezkaritza bat dute langile batzordean, baina ez dira gehiengoa, eta haiek ez dute akordioa sinatu.

Azken bi egun hauek gorriz markaturiko egunak ziren Bilboko portuko bulegoetan eskegita dauden egutegietan. Bi aldeak eta Espainiako lan ministerioak biltzekoak ziren Madrilen negoziazioen norabidea aldatzen saiatzeko, eta, txikiak badira ere, aurrera egiteko moduko fruituak eman ditu. Lan ministerioak zehaztu du bi aldeek «konpromiso» bat lortu dutela bilerekin jarraitu ahal izateko. Lan hitzarmen berria da eztabaidatzen ari direna, eta zamaketariek euren lan karga ziurta dadila nahi dute. Portu barneko hainbat jardun, baina, liberalizatu egin ditu Europako Parlamentuak, eta horrek zaildu egin ditu bilerak.

Akordioaren arabera, sektore mailako mahai bat eratuko da orain, «Bizkaiko zamaketari guztiak barnean hartuko dituena». Alegia, kontratu mugagabea duten 320 zamaketariak, eta behin-behinean daudenak. Behin-behinekoen baldintzak dira gatazkako eskaeretako bat. Akordioetako puntu bat «behin-behinekotasuna murrizteko» proposamenak onartzea da. Bi aldeek hamabost eguneko epea dute orain negoziazio mahaia osatu eta berriz biltzeko.

Bilboko zamaketariena azken hilabeteetako grebarik luzeena izan da. Urri eta abendu artean 55 eguneko lanuztea egin zuten, eta eragin handia izan zuten azpiegituraren jardunean. Enpresak, aurretik, Jaurlaritzaren bitartekaritzari uko egin zion negoziazioan, eta, azkenean, Lan Ministerioak lortu du bi aldeak batzea. Akordiorik lortu izan ez balitz, giroa are gehiago gaiztotzeko arriskua zegoen; zamaketariak grebara itzultzeko prest zeudelako eta enpresek begi onez ikusten zutelako auzia arbitraje betearazle baten bidez argitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.