Bihar Berria-n

Hotzarekin eta hotzari esker lanean

Hotzari lotuak diren lanbideak askotarikoak dira: batzuk hotzak eragindako kalteen kontra ari dira bideak garbi mantentzen; bertze batzuek, hotzak sortzen duen aisialdian. Langile haien egunerokoa arras baldintzatzen du hotzak. Beren egunerokoa kontatu dute elurra kentzeko makineko txoferrek, bai ere eski eta erraketa irakasle batek, eta Iratiko etxoletako eta Irati-Abodiko mendiguneko langileek. Bihar 'Bizigiro' sailean irakurri ahal izanen dira lekukotasun horiek.

Iratxe Garro Nekotxea eski irakaslea klasea ematen. JABOGA MANTEROLA / FOKU
Ainize Madariaga
2021eko urtarrilaren 15a
15:42
Entzun

Lantokirako bidea egiteko, elurra kentzeko makinarekin koordinatu behar dira. Aurten, sekula baino gehiago, abenduko elur erauntsiak eta hormak eraginda. Zero petik hamar gradu baino apalagoko tenperaturekin egiten dute lan; halakoetan gorputza erantzun gabe egoten dela kontatu du Iratxe Garro Nekotxea eski irakasleak. Egun osoa txanoa, lepoko berokia, arropa termikoa eta eskularruak jantzita pasatzen du Amaia Aiarra Irati-Abodiko koordinatzaileak. Eskuetako minak eta estresak zaildu egiten dizkie lan baldintzak Ander Insagurbe eta Gorka Fernandez elurra kentzeko makinetako txoferrei. Izan ere, elur erauntsiek ez diete ongi ikusten uzten, eta bide erdian gelditzen diren autoek eragotzi egiten diete auto zirkulazioari eustea. Iratiko etxoletako Maddi Bengoetxearentzat, berriz, plazera da hor lanean aritzea, baina neguak gogortzen dio egunerokoa: beldar katezko ibilgailuak behar baitituzte bisitariak aparkalekutik etxoletara eramateko, eta, usu, autoarekin arazoak ukan dituztenak lagundu behar izaten dituzte ahal bezala. Haien bizipen osoak irakurgai izanen dira bihar Bizigiro-n.

Hotzari loturiko lanbideen bizipenez gain, Bizigiro sailak bertze gai batzuk ere landu ditu. Batetik, Labritek tresna digital berria sortu du: belaunaldien arteko transmisioa ez galtzeko.

Bertzetik, zinema atalean datorren ostiralean estrenatuko duten Let him go filma aipatuko du Bizigiro-k. Kevin Costner eta Diane Lane dira protagonistak drama familiar horretan. Telesailen atalean, Steve McQueenek sortutako Small Axe antologiazko telesaila aipatuko du Mikel Yarza telesail adituak.

Gastronomia atalean, neguko elikagaia den azalorearen propietateez hitz egingo du Bizigiro-k, eta horrekin egindako pizza baten errezeta ere emango du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.