Lan istripuak

Hego Euskal Herrian 150 lan ikuskatzaile falta direla salatu dute ELAk eta LABek

Sindikatuak bilerak eskatu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari prekarietateaz hitz egiteko

Bilboko Kale Nagusian eginiko hileta, iaz lan istripuetan hildako langileen omenez. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 15a
17:01
Entzun

ELA, LAB, ESK, Steilas eta ESK sindikatuek bilera eskaera formala egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari prekaritateaz eta lan arriskuez hitz egiteko. Haien kalkuluen arabera, iaz, eta 2019arekin alderatuta, langileen heriotza eragin zuten istripuen kopurua %43 igo zen Hego Euskal Herrian, eta aurten beldur dira antzeko joera bat espero dutelako. Hori eragozteko «kontrol zorrotzagoa» beharrezkoa dela uste dute, eta kontrol lan hori egiteko baliabide gehiago ezinbestekoak direla.

«Europako batez bestekoekin parekatzeko, Eusko Jaurlaritzak beste 100 lan ikuskatzaile kontratatu beharko lituzke, eta Nafarroako Gobernuak 50. Argi dago orain darabiltzaten estrategiek ez dutela eraginik, lan osasuna ez du lekurik politikak». Lourdes Eraso LAB sindikatuko lan osasuneko arduradunak eginiko salaketa da hori. Sindikatuek manifestazio deigarria egin dute Bilbon iaz Hego Euskal Herrian hildako 66 langileak gogoratzeko. Hileta bat irudikatu dute Moyua plazatik Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaraino. Hilkutxan ‘zerbitzu publikoak’ irakur zitekeen.

Sindikatuek hiru bilera eskaera ofizial erregistratu dituzte: Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuarekin, eta Manu Aierdi eta Santos Indurainekin, Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Osasun kontseilariekin, hurrenez hurren. «Prekarietateaz hitz egin nahi dugu. Istripu pila bat geratzen direla, eta konponbidea dutela esateko».

Sindikatuen ustez iazko datuek agerian uzten dute lan osasun politikak «errotik aldatu» behar direla. Horretarako eskaera zehatzak plazaratu dituzte: kontrol zorrotza erorketa edo gorputz atalen harrapaketa arriskuak, edota minbizia sor dezaketen gaiekin lan egiten duten enpresetan; bi urtetako epean enpresa guztien arrisku psikosozialen azterketa egitea; prebentzio arloan zigorra duten enpresak ez kontratatzea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.