Txertaketari buruzko hainbat argibide

Zer immunitate dakar txertoak? Noiz hasten da efektua egiten? Zehazki, zer eragozten du txertoak? Txertaketa kanpainak hainbat galdera sortu ditu, eta horietako batzuei erantzun die BERRIAk, Paco Borrego immunologoaren laguntzarekin. 

Erizain bat, emakume bati koronabirusaren kontrako txertoa jartzen. CHRISTOPHE ARCHAMBAULT / EFE
Ion Orzaiz - Arantxa Iraola
2021eko urtarrilaren 19a
10:46
Entzun

Txertaketa kanpainek aurrera egin ahala, joritu egin dira txertoei buruzko albisteak, eta hainbat goiburu deigarri ere bai. Lehengo astean, zahar etxe zenbaitetako agerraldien harira, esaterako, jakin zen jada txertoaren lehen dosia hartua zuten adineko batzuk birusarekin kutsatu direla. Egunotan, halaber, autonomia erkidegoek martxan dituzten txertaketa irizpideei erreparatuta, txertaketa estrategia egokienari buruzko iritziak ozendu dira. Horien harira, komenigarria da txertaketari buruzko hainbat argibide ematea. Biocruces Bizkaia institutuko ikertzailea da Paco Borrego immunologoa; haren hitzetan, horra aintzat hartzeko hainbat jakingarri:

Zer immunitate dakar lehen dosiak?

Orain arte Euskal Herrian jartzen ari diren bi txerto klaseak Pfizer eta BioNTech botika konpainiek eta Moderna botika etxeak egindakoak dira. Biek %90eko eraginkortasuna dute, baina bi dosi jarrita; lehen dosia jarri eta 3-4 asteren buruan jarri behar da bigarrena horretarako. Lehenbiziko dosiak badakar, hala ere, babes bat. «Kalkulatzen da dosi bakarra jarrita %50ekoa dela eraginkortasuna», azaldu du Borregok. «Baina, txerto hauetan, lehen erantzun hori ez da oso handia. Bigarren dosiak dakar eraginkortasuna nabarmen handitzea». Ezinbestekoa da bigarren ziztada hori: «Izan ere, bigarren dosiak ez du soilik eraginkortasuna hobetzen; seguruenera, oroimen immunologiko iraunkor eta eraginkorragoa ere ekarriko du». Oroimen mota hori ere lehen dosiarekin garatzen da, baina «iraunkortasun txikiagokoa eta eraginkortasun urriagokoa» izango dela adierazi du.

Erantzun immunea gorena da bigarren dosia jarri orduko?

Erantzun immune gorena ez da lortzen bigarren ziztada jarri orduko: zenbait eguneko kontua izaten da. «Bigarren dosia emanda, antigorputzen maila gorena 4-7 egunen buruan lortu ohi da normalean», azaldu du Borregok. «Normalean, txertaketaren osteko erantzun immunea neurtzeko, odolean dauden antigorputzak neurtzera egiten da», esplikatu du. «Bestelako teknika batzuk badira, landuagoak, baina ez dira eskala handian egiten».

Dosi bat atzeratzera egin daiteke?

Txertatu beharrak eraginda, eta txerto faltak arduratuta, zenbait herrialdek aztertu dute lehen dosia ahalik eta herritar gehienei jarri eta bigarrena atzeratzea; Erresuma Batuan eta Alemanian hizpide izan dute gaia. Borregok ez du egokitzat jotzen. «Ez litzateke txertoak baimendutako irizpideez bestela eman behar».

Zer eragozten dute txertoek? Infekzioa edo sintomak?

Txertaketaren fase honetan goiburu nahasgarriak egon dira txertoen erantzunaren inguruan ere; txertoa hartzen dutenak ez direla infektatzen nabarmendu dute batzuek, txertoa hartu dutenentzat gaitzaren sintomak arinagoak direla besteek. Bi azalpenek egiaren parte bat dutela gogoratu du Borregok: «Bi gauzak lortzen dira. Batetik, infektatuen tasa apaltzen da; bestetik, kutsatzen diren horien egoera klinikoa ez da hain larria izaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.