Eurocup

Lointek Gernikak badu aurreneko garaipena

Frantziako La Roche-ri  82-67 irabazi dio Eurocupeko multzoen faseko lehen jardunaldian, Valentziako (Herrialde Katalanak) burbuilan.

jarraia192485.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 19a
17:21
Entzun

Dotore ekin dio Lointek Gernikak Eurocup txapelketako multzoen faseari: aise irabazi dio Frantziako La Roche taldeari (82-67), Valentzian gaur jokatzen hasi den burbuila erako partida sortan. Hasi eta buka menderatu dute aurkaria, nahi zuten bezala jokatu baitute bizkaitarrek, eta asko asmatu baitute jaurtiketetan. Alor horretan onena Angela Bjorklund estatubatuarra izan da (22 puntu). 

Multzoen fase hau laburra da; hiru partida baino ez dira, eta lau talderen artean lehen biak bakarrik saillkatuko dira hurrengo faserako. Halakoetan, ezinbestekoa ez bada, oso garrantzitsua izaten da ondo hastea, eta horixe egin du Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak. Aurkaria ere ez zaio zailena egokitu. Izan ere, aurreikuspenak betetzen badira, apalena da La Roche. 

Ustezko nagusitasun hori, hala ere, hasieratik erakutsi behar izaten da, eta horixe egin du Gernikak. Erasoan erakustaldia eman du lehen laurdenean. Jokaldiak eta sistemak ondo landu ditu, frantziarren indar barruko indar fisikoari ihes eginez; alegia, kanpotik jokatuz eta asmatuz. Milika Ivanovic hasi da baloia saskiratzen, eta segida eman dio Bjorklundek. Bosgarren minuturako, 11-4 aurretik ziren euskal herritarrak. Hiru puntura gerturatu zaie aurkaria, baina Bjorklundek lau puntu segidan sartu ditu, eta aldeak gora egin du berriz ere. Nabarmentzekoa da estatubatuarrak lehen laurdenean egindako lana, 10 puntu sartu baititu. Hamar minutu horietan deigarria eta txalogarria izan da zein ondo ordezkatu dituzten aulkiko jokalariek hasieratik atera direnak. Naiara Diezen lana adierazgarri: bi hiruko sartu ditu segidan. Erasoko jokoaren maila onaren beste aldean, defentsako lan epel samarra jarri behar da, batzuetan apal ibili baita Gernika lehen hamar minutuetan. Hala ere, 29-16 aurretik bukatu du lehendabiziko zati txikia. 

Bigarren laurdenak antzeko bidetik jo du. Hamar punturen edo gehiagoren aldeak izan dituzte Lopezenek ia laurden osoan. Ivanovicen eta Nogaye Loren ekarpena ona izan da erasoan, saskiratzeko lanean. Frantziarren jokoa trantsizio azkarretan eta berehalako jaurtiketetan oinarritu da batez ere. Asmatu edo ez asmatu izaten da hori, eta, asmatzen hasi direnean, kontrako aldea bederatzi puntura jaitsi dute atsedenaldirako bidean. Defentsako lanean jarri duten sistema mistoak ere eragina izan du azken minutuetan, Gernika baldar ibili baita horren aurka. Datuak datu, hau da benetan adierazgarria: Gernikaren eraginkortasunaren berri ematen du hamaseigarren minutuan biko jaurtiketetan %78ko batezbestekoa izateak, eta %56koa hirukoetan. Talde lana zoragarria zela adierazteko, berriz, beste estatistika hau minutu horretan bertan: 62koa. 

Atseden hartu ondorengo minutuetan, Gernika saiatu da gauzak bere onera ekartzen, aldea handitzen, baina frantziarrek kontrakoa nahi zuten, eta lortu ere bai: 52-42 izan dira hirugarren laurdena hasi eta gutxira. Hala ere, bizkaitarrek, kanpotik asmatuz, aldeak handitzea lortu dute gero, Laura Corneliusen bi hirukorekin eta Bjorklunden beste batekin. 21 puntu goitik zen une horretan (65-44). Laurdenaren amaieran, hemezortzi zituen alde (70-52). 

Azkeneko laurdenean, La Rochek lortu du berea ezartzea, nahiz eta ez duen inondik ere lortu partida iraultzea. Erasoan hiruko batzuk sartu ditu (Clarke izan da saskiratzaile onena, 15 puntu eskuratuta), eta, Gernikaren eraginkortasunak behera egin duenez, aldea murriztea lortu du azkenen. Bizkaitarrek hamabi puntu baino ez dituzte sartu azkeneko laurdenean; hamabost frantziarrek. Ondorioz, azkeneko aldea hamabostena zan da (82-67). 

Taldeko lanaren garaipena izan da, Bjorklundek eta Ivanovicek erasoan distiraz jantzitakoa; serbiarrak 16 puntu sartu ditu. Asistentzietan, 27 banatu ditu Gernikak. Defentsan ere gauzak ondo egin ditu une askotan, eta, gauza guztiak batuz, frantziarrak baino askoz hobea izan da. 

Multzoko beste partidan, Carolo taldeak (Frantzia) 59-77 irabazi dio Teneriferi. Bizkaitarren bigarren partida etzi da, Caroloren aurka (18:00). Itxuraz, horixe da multzoko aurkaririk gogorrena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.