Ingurumena

Aldaketaldia antolatuko dute, trantsizio ekologikoa helburu

Urtarrilaren 30aren bueltan ekitaldi ugari egingo dituzte, «larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala» salatzeko

Kanpaina antolatzen duten elkarteetako ordezkariak, Bilboko agerraldian. ARITZ LOIOLA - FOKU
gotzon hermosilla
2021eko urtarrilaren 20a
15:22
Entzun

Urtarrilaren amaieran U30 Aldaketaldia izeneko kanpaina jarriko dute abian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala» salatu eta «trantsizio ekologiko eta sozialki justua» eskatzeko. Sindikatu, erakunde ekologista, auzo elkarte eta bestelako eragile ugari ari dira kanpaina sustatzen: joan den astean Gipuzkoako ekitaldiak aurkeztu zituzten, eta oraingoan Bizkaikoen berri eman dute.

Bizkaian kanpaina antolatzen ari diren 50 elkarteen izenean, Hodei Rodriguezek azaldu ditu kanpainaren nondik norakoak: «Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak egingo dituen jendarte bat aktibatu eta saretzea».

Kanpaina dela eta, ekitaldi ugari antolatuko dituzte urtarrilaren 30aren inguruko egunetan, tokian tokiko elkarteen bidez: hitzaldiak, bizikleta martxak, hondartzak garbitzeko lan saioak, elkarretaratzeak eta abar. Ekitaldi nagusiak Bilbon eta Donostian egingo dituzte: urtarrilaren 30ean bertan bi hiriburuetan manifestazioak egiteko asmoa dute, COVID-19aren pandemiaren kontrako neurriek galarazten ez badute behintzat.

Zaldibarko hondamendiaren urteurrena

Otsailaren 6an izango da Zaldibarko zabortegia amildu zeneko lehen urteurrena, eta hori ere gogoan hartu nahi izan dute U30 Aldaketaldia kanpainaren antolatzaileek, bai eta zabortegiko langile bat, Joaquin Beltran, oraindik desagerturik dagoela ere. Rodriguezek esan duenez, kanpainaren bidez Zaldibarren gertatutakoa «gizarteratzen» lagundu nahi dute, eta «gertatutakoaren argibideak eta egon daitezkeen erantzukizunak» eskatuko dituzte.

Zaldibar Argitu plataformako kide Gaizka Zabartek eman du urteurrenaren harira antolatuko dituzten ekitaldien berri. Larunbat honetan Eibarren (Gipuzkoa) egingo den kultur ekitaldia nabarmendu du, eta horrek auzibidean herri akusazioari eutsi ahal izateko baliabideak lortze aldera duen garrantzia. Otsailaren 6ari dagokionez, iragarri du haien asmoa dela «Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei» parte hartzeko aukera emango dien ekitaldi bat antolatzea, eta laster emango dituztela horren inguruko xehetasun gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.