Europako funtsak

Jaurlaritzak ez du onartu Madrilek Europako funtsentzat ezarri nahi duen formula

Gaur eratu da Sektore Konferentzia Europako funtsetarako Espainiako Gobernua eta erkidegoak koordinatzeko. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio haren erregelamendua onartzeari, ez duelako «jasotzen benetako kogobernantza eredurik».

Pedro Azpiazu, gaurko bideokonferentzian. IREKIA
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 21a
19:27
Entzun

Espainiako Gobernuak apirilaren amaierarako osatu eta bidali behar du Bruselara Europako funtsak jasotzeko bere plana eta proiektu zerrenda, eta hori guztia erkidegoekin koordinatzeko xedea duen sektoreko konferentzia gaur eratu da azkenean, bideokonferentzia bidez, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa buru zutela.

Eusko Jaurlaritzak haserrea agertu dio ministroari konferentziarako deialdia berandu egin delako, eta haserrea azaldu du, era berean, Espainiako Gobernua apurka-apurka ematen ari delako informazioa Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismorako kudeaketaren ezaugarriez; «ginkana bat balitz bezala», gaitzetsi du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Jaurlaritzak, horrez gain, uko egin dio Konferentziaren erregelamendua onartzeari. Azpiazuren arabera, araudi horrek «ez du jasotzen benetako kogobernantza eredurik». Hala ere, sailburuak konfiantza du Monterorekin «benetako lankidetza» egituratu ahal izateko, eta ez norabide bakarreko dinamika baterako, zeinetan «erkidegoen zeregina haien eskumen propioei buruz Gobernu Zentralak hartutako erabakiak gauzatzera mugatuko den».

Azpiazuk eskatu du erkidegoetako gobernuak protagonista izatea, eta eskaintza egin du «elkarrekin ahalik eta diseinu onena sortzeko Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia planerako». Plan horrek, sailburuaren ustez, «erkidegoen indarguneetan» oinarritu beharko luke.

Bide horretan, Azpiazuk azaldu du Europako Batasunak berak Suspertze Mekanismoaren (Europako funtsen zati nagusia) bere erregelamenduaren zirriborroan ezarri duela «eskualdeetako eta tokiko agintariak bazkide garrantzitsutzat hartuko direla erreformak eta inbertsioak ezartzeko orduan, eta behar bezala kontsultatuko zaiela eta inplikatuko direla».

Era berean, funtsen kudeaketarako Espainiako Gobernuaren abenduko dekretuak «Espainiak indarrean duen autonomien estatu sistemaren lurralde maila anitzeko gobernantza» aipatzen duela gogoratu du Azpiazuk gaurko bilkuran. Eta, horrez gainera, Europako funts horiek kohesio funtsak ez diren arren «FEDERrek finantzatzen dituen jarduketa mota berberak finantzatzera» bideratuta daudela, eta, beraz, Azpiazuren ustez, «oso zentzuzkoa litzatekeela haien gobernantza moduekin bat egitea, Euskadi Next programan aurreikusten den bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.