Bihar Berria-n

Euskal artzain txakurra leheneratzeko bidean

Nabarmen egin du behera euskal artzain txakurren kopuruak: 2011. eta 2020. urteen artean, 470 daude erregistratuta. Hala ere, galzorian dagoen arraza hori biziberritzeko lehen pausoak ematen ari dira,  eta ikerketa bat jarri dute martxan. Azterlanaren emaitzak eta euskal txakurraren ingurukoak izango dira hizpide biharko 'Bizigiro' sailean.

Angel Azkorbebeitia artzaina, bere artalde eta Euskal Artzain Txakurrekin. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 22a
14:10
Entzun

2001. urtean 1361 ziren Euskal Herrian geratzen ziren euskal artzain txakurrak, eta orduantxe sailkatu zuten arraza hori «galtzeko arriskuan» daudenen atalean. 2011. eta 2020. urteen artean, ordea, 470 dira erregistratutako euskal artzain txakurrak. Egoeraren larritasunaz jabetuta, EAT Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak elkartea sortu zuten duela urte batzuk, eta 2018. urtean, EHUko BIOMICs ikerketa taldearekin elkarlanean, arrazaren gainbeheraren arrazoiak aztertu eta hori geldiarazteko azterlan bat jarri zuten martxan. Ikerketaren inguruan gehiago jakiteko, EAT elkarteko kide Beñat Lizarraren azalpenak izango dira irakurgai biharko Bizigiro sailean, baita BIOMICs taldeko ikerlari nagusi Marian Martinez de Pancorborenak ere. Horrez gain, arrazaren erabileraren eta ezaugarrien inguruan arituko da artzain txakurrak hazi eta hezten dituen Angel Azkorbebeitia artzaina.

Datuen gaineko kontrola ere landuko du Bizigiro-k bihar. Izan ere, hautsak harrotu ditu azken asteetan Whatsapp mezularitza aplikazioak izan duen azken eguneraketak: Facebooki datu gehiago emango dizkio aurrerantzean, eta aldaketa hori onartzea derrigorrezkoa izango da aplikazioa erabiltzen jarraitu nahi izanez gero. Erabiltzaileen izengoitia, telefono zenbakia, IP helbideak eta baliatzen dituzten tresnen gaineko informazioa izango du Facebookek orain. Europako Batasunean eta Erresuma Batuan izan ezik, mundu osora aplikatuko da aldaketa. Hala ere, erabiltzaile asko haserre agertu dira, eta milioika erabiltzaile galdu ditu mezularitza aplikazioak..

Telesailei begira jarrita, Martin Scorseseren azkenari erreparatuko dio Mikel Yarzak. New Yorki buruzko zazpi ataleko dokusail bat osatu du zuzendari italiarrak, Fran Lebowitz idazleari egindako elkarrizketetan oinarrituta.

Pantaila handian, berriz, Lupin III: The First animaziozko filma izango da hizpide. Bigarren Mundu Gerran girotuta dago, eta lapur bat dauka protagonistatzat. Gaur estreinatuko da hegoaldean Takashi Yamazaki zinemagilearen lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.