Eibar 2-2 Reala

Merezitako berdinketa Gipuzkoako derbian

Bina amaitu da Realaren eta Eibarren arteko derbia. Lau goletatik hiru partidako azkeneko hamar minutuetan sartu dituzte.

Eibarren eta Realaren arteko gaurko partida. @REALSOCIEDADFEM
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 23a
14:34
Entzun

Merezitako puntu bana eskuratu dute Realak eta Eibarrek, bina berdindu ondoren. Partida zirraragarria jokatu dute Unbeko futbol zelaian, 90 minutu baino gehiago iraun duen lehia estu eta polit batean. Bi estilo guztiz ezberdin lehiatu dira, baina, azkenean, bat ez da izan bestea baino gehiago. Etxera pozik joateko moduko lana egin dute bi taldetako jokalariek.

Parekatuta hasi da neurketa Unben: bi taldeak gola sartzeko bina aukera izan dituzte. Reala baloiaren jabe egin da hasieratik, eta atzetik jokatuz iritsi nahi izan dute etxekoen areara hasiera-hasieratik. Iker Dorronsorok zuzendutako taldea, baina, presio handia eginez, bisitarien jokoa zailduz, eta Adriana Nanclaresek zaindutako atetik ahalik eta gertuen baloia lapurtzen saiatu da estreinako minutuetatik. 

Eibarren presio handiak saria ekarri du 33. minutuan. Ane Etxezarretak baloia galdu du, taldeak atzetik jokatzen hasi behar zuenean. Thembi Kgatlanak ia zelai erdian hartu du baloia, eta zuzen zuzenean txuri-urdinen atera hurbildu da. Areara iritsitakoan, ez da urduri jarri: Nanclaresi izkin egin, eta baloia sarera bidali du.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, gol aukera bikoitza izan du Donostiako taldeak, baina bietan Noelia atezainak gola galarazi zien donostiarrei. Denbora aurrera zihoala, eta galtzen ari zirela ikusita, aldaketa hirukoitza egin du Natalia Arroyok. Taldea berdinketaren bila joan da, eta atzean hutsuneak ditu. Etxekoak hori baliatzen saiatu dira, baina Nanclaresek behin eta berriz bigarren gola eragotzi die.

Hamar minuturen faltan etorri da txuri-urdinen berdinketaren gola. Lehen zatian bezalaxe, Nahikari eta Nerea Eizagirrek jokaldi on bat egin zuten area ertzean. Gemma Giliri iritsi zaio baloia, eta horrek ez du zalantzarik tiro egiteko. Noeliak baloia urrundu du, baina aldaratzea Kiana Palaciosi erori zaio, eta jaurtiketa indartsu batekin partida berdintzea lortu du mexikarrak.

Partidak bana amaitu behar zuela zirudienean, markagailua birritan aldatu da neurketaren hondarrean. 85. minutuan, Eibarrek bigarren gola sartu du, penaltiz. Nuria Mendozak Thembi jo du area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Maria Llompartek ez du huts egin 11 metroetatik. Luzapenean, baina, partida bigarrengoz berdindu du Realak, Sanni Franssiren jaurtiketa bortitz baten bitartez. Ondo landutako puntu bana poltsikoratu dute bi taldeek.

Athleticek irabazi ezinik jarraitzen du

Bolada txarrean murgilduta eta burua altxatu ezinik segitzen du Athleticek, Santa Teresaren aurka bina berdindu eta gero. Iraia Iturregik zuzendutako taldeak gaur hiru puntuak poltsikoratu behar zituela zirudien, partidan nagusi izan baitira. Baina azkeneko minutuan Istillartek bere atean sartutako gol batek garaipena eragotzi die zuri-gorriei. Eunate Arraiza eta Santa Teresako Raquel Ayuso —bere atean— izan dira bizkaitarren golegileak. Dagoeneko 11 partida daramatzate irabazi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.