Ipar Euskal Herriko hautetsiak akuilatu dituzte ostalariek

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboan Iparraldeko 100 bat ostalari bildu dira. Zazpi hilabete pasatu dituzte hetsirik.

Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboaren agerraldia, goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urtarrilaren 25a
12:43
Entzun

Azaroaren 19an sortu zen Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboa, sei ostalarirekin. Bi hilabete geroago, Ipar Euskal Herriko 100 bat ostalari biltzen ditu, eta, goizean, agerraldia egin dute Sarako (Lapurdi) Pleka trinketean, kolektiboa aurkezteko. Egoera sanitarioa gogorki pairatzen du sektoreak, eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiengana jo zuten abenduan aterabide batzuk plantan ezartzea galdetzeko. Gutun bat igorri zioten elkargoari abenduan, eta, geroztik, bi bilkura izan dituzte Jean Rene Etxegarai lehendakariarekin, Sylvie Durruti lehendakariordearekin, eta Remi Bochard zuzendariarekin. Salatu dute bilkura horiek ez dutela «deus aitzinarazi»; are gehiago, «errespetu eskasa bistakoa» dela erran dute.

Zazpi hilabete pasatu dituzte zerraturik ostalaritzako sektoreek, 2020ko martxoan lehen konfinamendua ezarri zutenetik. «Behar komunak» dituzte sektoreko eragileek, eta horretarako erabaki zuten Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboaren sortzea. Hainbat ekintza eraman zituzten; kasurako, Baionako suprefetura aitzinean iraungitako garagardo upelak barreiatu zituzten azaroaren 27an. Ipar Euskal Herriko dozenaka ostatuk, bestalde, banderola beltzak jarri dituzte ateetan, pairatzen duten egoera ikusarazteko: «Naturalki, eta gure artean kasik hitzartu gabe, baxa beltza gure ikurra bilakatzen ari da».

Kolektiboki antolatzearen beharra azpimarratu dute. «Gaztiguenetarik da gure lan mundua pandemiarengatik. Baitezpadakoa dugu mugitzea. Bakoitzak bere grinak eta ñabardurak izanik ere, bat eginik zailtasunak gaindituko ditugu». Frantziako Estatuak ostalariak laguntzeko hartutako neurrien gainetik, lurraldeko hautetsiei neurriak hartzeko eskatu diete. Lur zerga partez apaltzeko eskaria egin zioten elkargoari, baina oraingoz ez dute baiezkorik lortu. Oraingoz, ekintzak segitzeko borondatea erakutsi dute ostalariek. Eta, krisi sanitariotik landa, Ipar Euskal Herriko ostalarien zerbitzuko izanen den tresna sortu dutelakoan daude.

«Deus gabe gara»

Elodie Martinez Sarako Pleka trinketeko zerbitzaria da, baina urrian bukatu zuen kontratua: geroztik, langabezian da. «Dena hetsia da; ez da gehiago deus. Ni langabezian naiz kontratua bukatu zaidanetik. Halere, etorri naiz sektorea sostengatzera; espero dut egoera fite hobetuko dela, deus gabe baikara». Jerome François Baionako Soinua ostatuko gerentea da, eta hark ere gogorki bizi du egoera. «Ostatu batetik bestera egoera ezberdina da. Gure kasuan, bi gerente gara; beraz, Frantziako Estatuaren diru laguntzekin lortzen dugu pixka bat egoera eramaten; horiek gabe, ostatua zerratua izanen genuen aspalditik. Halere, arazoa da diru laguntzak biziki berant heldu direla, eta ez da erraza dena denboraz kudeatzeko, fresak baditugulako oraino». 

Ekonomikoki ez ezik, sozialki ere gaizki bizi dute egoera ostalariek. Deborah Drouot Kanboko (Lapurdi) Salon Cyrano jatetxeko langilea da, eta «deusetako balio ez» duela iruditzen zaio. «Ia ez dut harreman sozialik, gizartetik aparte sentitzen naiz. Saiatzen naiz aitzinera begiratzen, baina perspektibarik gabe, arras zaila da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.