Euskara

Iruñeko haur eskoletan «euskara desagerrarazi eta ingelesa inposatu» nahi dutela esan dute

EH Bilduk atzo zabaldu zuen Iruñeko Udalak haur eskoletarako duen asmoa. Horren arabera, Printzearen Harresi haur eskolan euskarazko eskaintzan ingelesa txertatuko lukete, eta erabaki horrek euskararen presentzia are gehiago murriztuko duela salatu du Haur Eskolak Euskaraz plataformak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 27a
14:16
Entzun

“Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batek babes eremuak beahar ditu gaztelera eta ingelesa bezalako hizkuntzek zapaldu ez dezaten, eta argi dago murgiltze eredua dela babes eremu posible bakarra”. Haur Eskolak Euskaraz plataformak argi ezarri du zein irizpide behar den Iruñeko haur eskoletan, eta salatu du Navarra Suma koalizioak gobernatzen duen udalak “euskara desagerraraztea eta ingelesa inposatzea” duela helburu.

EH bilduk atzo eman zuen Iruñeko Udalak haur eskoletarako duen asmoaren berri. Horren arabera, Printzearen Harresi zentroan egiten den euskarazko zein gaztelerazko eskaintzan ingelesezko jarduerak egingo lituzkete. Koalizio abertzaleak kritikatu zuenez, udalak euskarazko murgiltze eredua amaitu nahi du, “euskarazko ereduan ingelesezko jarduerak sartzera behartuz”. Gogora ekarri zuten euskarazko tokien kopurua eskaera errealetik oso urrun dagoela, eta horretarako udalak egindako txosten bat jarri zuten lekuko. Horren arabera, haur eskolako gurasoen %38,5k eskatu nahiko lukete euskarazko tokiren bat. Iruñea osoan, ordea, euskarazko murgiltze ereduko eskola bakarra dago, Txantreako Izartegi zentroan.

Haur Eskolak Euskaraz plataformak ohar bidez azaldu duenez, ordea, udalaren proposamena “jukutria” da, eta zehaztu eredu misto horrek ez duela oinarri pedagogikorik. “Murgiltze eredua defendatzen dugu, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra baita”.

Proposamena eta manifestazioa
Plataformako kideek joan den astean agerraldi bat egin zuten Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta udalari eskatu zioten hiriburuan gutxieneko euskarazko eskaintza bermatu zezan. Gaur egun Iruñeko haur eskoletako egoera grafikoki erakutsi zuten, euskararen eskaintzaren «basamortua nabarmen» irudikatzeko.

Lau barrutitan banatu zuten Iruñea, eta gutxieneko proposamen bat egin zuten horretan oinarrituta: barruti bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzea. «Proposamena gutxieneko bat da; ez da guk nahiko genukeena». Baina, alderdi politikoekin egindako bileretako «borondate eta akordio falta ikusita», mahai gainean jarri zuten alternatiba hori. Proposamen horrekin, eskaera bat egin zien plataformak Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bildu alderdiei: proposamena publikoki eta idatziz babestea, eta PSNri eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari irtenbidea eskatzea.

Auziari irtenbide bat emateko eskatuz, manifestazioa egingo dute ostiral honetan, Hezkuntza Departamentuaren egoitzatik abiatuta, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.