Teknologiko handiak

Jeff Bezosek Amazonen lema utziko du

Udan plataforma erraldoiko kontseilari ordezkari izateari utziko diola iragarri du Jeff Bezosek, eta postua Andy Jassyk hartuko duela. Bezosek esan du filantropian eta Blue Origin espazio konpainian jarri nahi dituela indarrak. 

Jeff Bezos, Amazonen sortzailea. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Irune Lasa.
2021eko otsailaren 3a
12:14
Entzun

«Atseden hartzen duen Amazoneko lehen langilea». Twitterren zeresan handia ematen ari da Jeff Bezosen erabakia. Ustekabekoa izan da, inor gutxik uste baitzuen hura Amazonen buruzagitza uztekotan zenik. Bezosek bart gauean jakinarazi du udan utziko diola kontseilari ordezkari izateari, eta presidente exekutibo izango dela aurrerantzean, Amazonen gidaritza Andy Jassyri utzita.

Bezosek gutun batean azaldu du bere beste «pasioetan» jarri nahi dituela indarrak, hots, filantropiarekin zerikusi handiagoa duten egitasmoetan. «Amazoneko kontseilari ordezkari izatea ardura handia da, neketsua. Horrelako erantzukizuna duzunean, zaila da beste ezertan indarra jartzea. Presidente gisa, oraindik lotuta egongo naiz Amazonen ekintza inportanteetan, eta, aldi berean, beharrezko astia eta energia izango ditut arreta jartzeko Day 1 Fund-en, Bezos Earth Fund-en, Blue Originen, The Washington Post-en eta nire beste pasioetan».

Munduko aberatsenen zerrendan, hainbat urte lehen postuan egin ditu Bezosek. Orain bigarrena da, Elon Musk Teslaren sortzaileak kendu dio-eta postua, Teslaren burtsako kapitalizazioa nabarmen handitu delako iaz. Edonola ere, Bezosen ondarea 200 bilioi dolarrekoa da gaur egun (166 bilioi euro). Dirutza horretatik, ordea, orain arte zati oso txikia joan da ekintza gutxi gorabehera filantropikoetara.

Amazonez harago, Bezosen proiektu kutunetako bat Blue Origin da, berak sortutako espazio konpainia. Han 1.000 milioi dolar sartu izan ditu urtean Bezosek, Amazonen akzioen salmentatik zetozenak. Eta, AEBetako hedabideek diotenez, azken urteetan asteazkenak eta asteburuak Blue Originentzat erreserbatuak zeuden haren lan agendan. Aurten aireratu du arrakastaz lehen suziria, baina lorpen eskasak dira beste espazio konpainia pribatu SpaceXek lortutakoen aldean, zeina, hain zuzen, Elon Muskek sortu zuen.

Dirudienez, orain suziri eta ego lehia kitzikagarriagoa da Bezosentzat, Amazonen lema baino. Egia da, era berean, beharbada azken urteak ez direla erabat gozoak izan Amazonen.

Negozioa ondo, oso ondo

Negozioa bikain dabil, Amazon hazi eta hazi ari da, nagusitasun erabatekoarekin hainbat alorretan, eta olagarro erraldoiak  garroak gero eta sektore gehiagotara zabaltzen jarraitzen du. Koronabirusa, gainera, mesederako izan du. 1,3 milioi langile ditu gaur egun Amazonek. AEBetako merkataritza elektronikoaren %40 berea du, eta Europako salerosketa elektronikoen laurdenak plataforma horretan egin ziren 2019an. Merkataritza elektronikoak oraindik ez du hartzen txikizkako merkataritza guztiaren %20 baino gehiago (AEBetako datuak dira), baina egia da gero eta gehiago direla online egiten diren transakzioak, pandemiak erosle asko jarri dituela online, eta hor Amazon nagusi dela.

Baina beste eremu batean ere oso handia da Jeff Bezosen konpainiaren nagusitasuna. Amazon hiru adar nagusitan dago banatuta: AEBetako adarra, nazioartekoa, eta AWS Amazon Web Services. Hain zuzen, orain arte AWSren lema eraman duen Andy Jassy izango da Amazonen kontseilari ordezkari berria. AWS adarrak soilik 26.500 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, baina bereak ditu munduko hodei azpiegitura publikoen ia erdiak. Horri esker, AWSk hodeiko konputazioarekin lotutako zerbitzu, baliabide eta aplikazio mordoa eskaintzen dizkie konpainiei, gobernuei eta norbanakoei.

Sekulako boterea du AWSk. Donald Trumpen presidentetzaren azken egunetan, Twitterrek eta Facebookek kontuak bertan behera utzi zizkiotenean, Trumpek eta haren zaleek Parler sare sozialera jo zuten; AWSek Parler bere zerbitzarietatik kendu zuen arte.

Baina irudia...

Negozioa bikain doa, baina irudi aldetik ez dute arrakasta bera ez Amazonek, ezta Bezosek ere, batez ere gero eta publikoagoa delako konpainiaren biltegietako langileak eta banatzaileak zer baldintzatan ari diren lanean. Koronabirusarekin, gainera, okertu egin zaizkie baldintzak, AEBetan behintzat.

Jakina da Amazonek sindikatuen kontrako jarrera duela. Borroka hori, gainera, bizi-bizi dago: gaur egun, Amazonen AEBetako biltegietan ez dago sindikaturik (400.000 langile), eta hori aldatzen has daiteke datorren astelehenetik aurrera: Alabamako Bessemer-eko biltegiko langileak bozkatzen hasiko dira, postaz, ea nahi duten sindikatu batek —Retail, Wholesale and Department Store Union sindikatuak— beren ordezkaritza hartzea. Amazonen ustez, ez da horrelakorik behar, eta kanpaina gogorra egin du langileen artean; egunero bost mezu elektroniko bidaltzen dizkie Bessemerreko langileei «irabazleen alderdia» ez lagatzea eskatzeko. Zazpi asteko prozesua izango da, eta, langileek sindikatzearen alde egin badute, mugimendua AEBetako beste biltegietara zabaltzea denbora kontua izango da.

Lan baldintza eskasak, sindikatuei jarritako oztopoak, nagusikeria... ez dira Jeff Bezosen irudiaren mesederako izan. Horrez gain, graziarik ez zion egingo deklaratu behar izateak AEBetako Kongresuan, plataforma teknologikoen monopolio jokaeren inguruko auziak direla eta. Lege ikuspegitik ere, haizea kontra jarri zaio Amazoni.

Horrek guztiak, AEBetako hedabideen arabera, eragina izan du Bezosen filantropiarako egitasmoetan. Iaz, Bezosek 10.000 milioi dolar jarri zituen klima aldaketari aurre egiteko The Earth Fund fundazioa abiatzeko. Baina, dirudienez, diru horren zati bat jasotzeko eskaintza izan duten elkarte eta fundazioetako askok zalantzak izan dituzte, beren izena Bezosi eta Amazoni lotzeko.

Bere irudia eta egoa elikatzea izango da orain Bezosen asmoa, Amazonen lema utzita? Filantropia bera ere gai arantzatsua da, ordea. Gaiari buruz idatzi du Anand Giridharadas kazetariak, eta txio batean azaldu du bere jarrera: «Bezos Amazonetik filantropiara igarotzekoa den honetan, gogoratu botere modu arduragabe, apetatsu eta antidemokratiko batetik bestera aldatzen ari dela egiaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.