Betis 1 (1) - 1 (4) Athletic

Kopako finalerdietarako sailkatu da Athletic

Penalti jaurtiketetan irabazi dio Betisi, haren zelaian. Partida amaitzeko bost minutu falta zirela, Juanmik aurreratu ditu etxekoak, eta Raul Garciak berdindu du 92.ean. Bigarren denboraldiz segidan, finalaurrekoan daude zuri-gorriak.

jarraia193182.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 4a
23:45
Entzun

Athleticek beste balentria bat egin du: Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da bigarren denboraldiz segidan. Horretarako, Betisi irabazi dio final-laurdenetan, haren zelaian, penalti jaurtiketetan (1-4). Bana bukatu dute partida, eta estu ibili dira zuri-gorriak horraino heltzeko. Izan ere, 85. minutuan sartu dio gola Betisek, baina 92.ean berdindu du Raul Garciak.

Athleticen hamaikakoan, Muniain falta zen, eskuin hankako giharretako lesio baten eraginez. Williams aulkian utzi du Marcelinok, baita Capa ere. Berenguer, Villalibre eta Lekue aukeratu ditu entrenatzaileak beste hiruren ordez. Betisen, ez da ezusterik izan, eta onenen aldeko hautua egin du Manuel Pellegrinik. Partida handia espero zen, Kopako final-laurdena izateak atarikoari ematen zion oihartzunagatik neurri batean, baina lehen zatia eskasa izan da. Gogo handirik ere ez zuten azaldu bi taldeek bestearen bila erasoan joateko. Galtzeko beldurra.

Athleticek hobeto ekin dio partidari. Lortu du  Betis deseroso egotea jokoaren sorreran, goian estutuz edo pixka bat atzerago jarriz. Zuri-gorriek, ordea, ez dute gauzatu nagusitasun txiki hori. Soilik eraso bizkor pare batean sortu dute arriskua. Laugarren minutuan, eskuin hegaletik De Marcosek lehen zutoinera egindako erdiraketara ez dira iritsi Villalibre eta Berengue . Bestelakoan, geldikako jokaldiak izan ditu baliabide eragingor, nahiz eta sakatzailea falta: Muniain.

Betis ordu erdira hasi da suspertzen. Aurkaria huts egitera behartu duenean, Athleticen jokoaren sorreran gorago estutuz eta benetan baloia lapurtzeko gogoarekin. Etxekoenak izan dira lehen zatiko azken hamabost minutuak. Eskuin hegaletik sartzen hasi da Aitor Ruibal, beste aldetik egindako joko aldaketengatik neurri handi batean. Canalesek kanpora egin du jaurtiketa 29. minutuan; 33.ean, Mirandak kanpora errematatu du ate aurrean, bigarren zutoinean; eta minutu bat geroago, Fekirren jaurtiketa kanpora joan da. Athleticen aukera bakarra bukaera horretan Villalibreren burukada izan da, kanpora.

Bigarren zatiaren aurreneko ordu erdiak lepo beretik izan du burua. Bi taldeek elkarri zioten errespetua beste zerbait ere badela  geratu da agerian: akats tekniko ugari egin dituzte okalariek, eta horrela ia ezinezkoa da erasoan jokaldi eraginkorrak egitea. Faltak ere bata bestearen atzetik adierazten segitu du Hernandez Hernandez epaileak, eta erritmoari pixka bat bizkortzen ere ez zion uzten jarrera horrek. 71. minutura arte ez da ezer gertatu area batean. Ordurako, lau minutu zeramatzan zelaian Williamsek, eta hura sartzeak bakarrik txinpartaren bat piztu izan balu bezala, Athletic Betisen arean azaltzen hasi da, aurretik Yuriren jaurtiketa Joelek oinarekin urrundu badu ere. Ezker hegaletik ondo landu du jokaldia taldeak 71. minutu horretan, eta Yuriren erdiraketa De Marcosek jo du buruz bigarren zutoinetik beste aldera, gora.

Marcelinok, aurreikusita zeukalako edota aurkariari min handiagoa emateko aukera ikusi duelako, Vencedor eta Capa atera ditu, Dani Garciaren eta Lekueren ordez. Hamabi minutu geratzen ziren amaierarako. Entrenatzaile espainiarra aulkian denetik hasierako hamaikakoa izan denaren antza ia erabatekoa zuen orduan taldeak, Muniain alde batera lagata. Asko lagatzea izan, ordea. Ondorengo minutuetan, hausten bezala hasi da partida. Bizitu egin da, zerbait gertatuko zela iragarpen moduan edo.

Gertatu da, bai. Betisen gola iritsi baita 90. minuturako bost falta zirenean. Ezker hegaletik azkar mugitu dute baloia etxekoek, jokalarien mugimenduei esker, eta aurrera egin. Area barruan bukatu du baloiak, erdialdean, eta zelairatu berria zen Juanmik gola sartu du, Unai Simonek baloia ukitu badu ere. Kalean zen Athletic, baina taldeak ez du akabera arte amore ematen. Gaur ere ez, eta saria izan du. Zelai-erdi inguruan, Iñigo Martinez benetan joan da baloi baten bila; ez, ordea, Canales. Ondarroarrak baloia eraman ezker aldera, erdiraketa egin, eta han azaldu da Raul Garcia, zein bestela. Betisek erdiko hiru atzelari jarriak bazeuzkan ere emaitzari eusteko, lasai asko egin du burukada nafarrak zutoin albora. 92. minutua zen. Berdinketa eta luzapena.

Partidaren gehigarri horren hasieran, Morcilloren jaurtiketa Joelek urrundu du. Betisek hamaikako zelebrea zuen, Pellegrinik emaitzari heltzeko egindako aldaketengatik, eta, horrela, Sidnei erdiko atzelaria euskarri jarri behar izan du. Marcelinok Morcillo eta Unai Lopez zelairatuak zituen lehenago. Aurkariaren inprobisazio moduko hori aldeko zuen Athleticek, baina ez du baliatu ahal izan lehen zatian. Berriz ere geratu bezala egin da partida. Etxekoak baloia gehiago erabiltzen hasi dira, eta Athletic zain zegoen bizi ateratzeko, Williams eta Raul Garcia bikote arriskutsua aurrean zuela. Bigarrenean, bi taldeak saiatu dira gora egiten, baina eraginkortasun handirik gabe, aukerarik sortu ezinda.

Penaltietan, Athleticek egin du aurrera, 1-4 irabazi diolako Betisi. Unai Simonek Canalesi eta Juanmiri geratu dizkie jaurtiketak, eta taldekideek botatako laurak sartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.