19 urteko gizon bat atxilotu dute Iruñean, emakume bat arma zuri batekin zauritzea egotzita

Emakumea zainketa intentsiboetako unitatean dago. Gizonari "familia eremuko tratu txar delitua" leporatzen diote.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 5a
12:56
Entzun

Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 19 urteko gizon bat atxilotu dute, haren bikotekidea, 32 urteko emakume bat, arma zuri batekin zauritzea leporatuta. Asteazken goizaldean jazo zen erasoa. Emakumea zainketa intentsiboetako unitatean dago.

Udaltzaingoen arabera, 1:30ak aldera emakume baten deia jaso zuten, Arrosadiako etxe batean bikote baten artean izandako borroka zela eta. Hainbat patruila bertaratu ziren, eta etxebizitzako zoruan emakume bat aurkitu zuten, “bularraldean zauri ireki bat zuela”; adierazi dute gizonak ere bizkarrean zauri bat zuela eta hankan beste bat.

Premiazko osasun laguntza eskatu ondoren, emakumea ospitalera eraman eta ebakuntza egin zioten, eta zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu zuten ondoren. Gizona ere ospitalera eraman zuten, zituen “zauri arinak” sendatzeko. Gero, polizia etxe batera eraman zuten gizona, atxilotuta, “familia eremuko tratu txar delitua” egotzita.

Erasotzailea epailearen esku geratu zen atzo, eta hura espetxeratzeko agindua eman zuen. Iruñeko Udaltzaingoaren esanetan, 2020an 152 pertsona atxilotu zituzten antzeko gertaerengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.