Etxegabetzeak

Gasteizko Udalak zortzi egun eman dizkie Olarizuko bizilagunei beren etxeak uzteko

Bizilagunek adierazi dute helegitea aurkeztuko dutela legez agintzen den hilabeteko epean, baina litekeena da kaleratzeak lehenago gertatzea. Hori dela eta, herritarren defendatzailearengana jotzeko asmoa agertu dute.

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako ekimena eta Okupatu zure bizitza plataformek gaur goizean emandako prentsaurrekoa, Gasteizen. IÑIGO URIZ / FOKU
jone arruabarrena
2021eko otsailaren 5a
14:57
Entzun

Gasteizko Olarizu hiribideko udal etxebizitzak 21 Zabalgunea udal sozietatearenak ziren, baina 2020ko uztailean Gasteizko Udalak erosi zituen bi eraikinak. 21 Zabalguneak, bide penaletik baino ezin zuen jo eraikina okupatuta zeukaten bizilagunak kaleratzeko, eta, behin bide hori agortuta, 2020ko urrian Gasteizko Udala adostasun batera heldu zen, PPrekin batera: udalak etxebizitza horiek erosiko zituen, azpiegiturak eraitsi, eta toki horretan beste hirigintza proiektu bat egiteko. Horrek etxegabetzea azkartzea dakar. Izan ere, etxebizitzak organo publiko baten eskuetan egoteak, auzia bide administratibotik bideratzen du, eta, beraz, prozedurak asko azkartzen dira. Horrela, urriaren 29an Olarizuko bizilagunek 35 alegazio aurkeztu zituzten, eta iragan astean iritsi zitzaien udalaren erantzuna: guztiak atzera bota dituzte, eta zortzi eguneko epea eman diete etxetik irteteko.

Gaur goizean Okupatu Zure Bizitza eta Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimena plataformek eman duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, bizilagunek helegitea aurkeztuko dute: «Udalak egin nahi duen prozedura ez dator bat legearekin. Horregatik, berraztertzeko errekurtsoak jarriko ditugu». Bizilagunek hilabeteko epea daukate helegitea aurkezteko. Hala ere, epe hori bete aurretik utzi beharko dituzte euren etxeak, zortzi egunen buruan. «Guztiz inkoherentea da zortzi eguneko epea ezartzea gure etxebizitzak uzteko, errekurtsoa aurkezteko epe barruan gaudenean. Horregatik, Sindikoaren esku hartzea eskatuko dugu, kaleratzea geldiarazteko, harik eta administrazio bidea eta bide judiziala ebatzi arte».

Udala titulartasun aldaketa «aprobetxatzen saiatzen» ari dela ere salatu dute. Izan ere, legearen arabera, okupatutako tokiaren jabea den organo publikoak aukera dauka gunea berreskuratzeko, okupaziotik urte bat edo gutxiago igaro bada. Horrela, udalak etxebizitzak bereganatu dituenetik urte bat baino gutxiago igaro denez, aukera izango luke etxegabetzeak gauzatzeko. «Udalak uste du etxebizitza hauek bere ondarean integratzen dituen unetik aurrera sortzen dela horiek defendatzeko legez emandako ahalmena», azaldu dute prentsaurrekoan. Thais Madrid Okupatu Zure Bizitza plataformako kideak azaldu duenez, ordea, bizilagun batzuek urtebete baino dezente gehiago daramate Olarizun bizitzen: «Batzuek zazpi urte daramatzate, eta udalak ondo daki hori. Baina titulartasun aldaketa baliatzen ari da, legez kontuan hartu ez dadin zenbat denbora daramagun bertan».

Udalak azken asteetan iragarri du Olarizuko hogeita bat familiak jaso dutela gizarte zerbitzuen laguntza. Hala ere, plataformak salatu du behin-behineko konponbideak baino ez dizkiela eskaini: «Gizarte zerbitzuek eskaini dizkiguten irtenbideak guztiz desegokiak dira, eta oso behin-behinekoak. Olarizun bizi garen berrogei familiei eskaintzen zaigun bizitoki aukera bakarra udal aterpetxea da». Gainera, prentsaurrekoan gogorarazi dute prest daudela alokairu sozial bat ordaintzeko: «Inoiz ez diogu uko egin gure baldintza ekonomikoetara egokitzen den alokairu bat ordaintzeari». Baina salatu dute udalak beste bide bat hartu duela: «Gasteizen alokairu sozialerako etxebizitzak birgaitzeko dirua erabiliko dute gure etxebizitzak eraisteko». Madriden hitzetan, haurrak eta adineko pertsonak ere bizi dira okupatutako etxebizitzetan, eta gehienek ez daukate beste alternatibarik.

Konfinamendua, baliabiderik gabe

Pandemia garaian erabat «abandonatuak» izan direla ere salatu du plataformak. Ur zerbitzua eta argindarra eten zieten udalak 2019ko udan, eta, geroztik, kanpora irten behar izaten dira ur bila. «Konfinamenduan, udaltzainek eta ertzainek zigortu egin gaituzte ur bila irteten ginenean», salatu dute bizilagunek. Gainera, ohartarazi dute oraintxe bertan etxebizitzak egoera kaskarrean daudela: «Orain, gure etxeak klimaren ondorioak pairatzen ari dira: hezetasunak, muturreko hotza eta zimenduaren ahultzeak eragindako pitzadurak daude. Horren ondorioz, blokeak edozein unetan eror daitezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.