Hezkuntza

Eskaintzen ez den tokietan D eredua eskatzeko dei egin dute Mendigorriko gurasoek

Behatokia kezkaturik dago Nafarroako Gobernuak ez baitu hezkuntza mapa berria argitaratu

Iñigo Lerga Mendigorriko gurasoa eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria gaur Iruñean egin duten agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2021eko otsailaren 6a
12:02
Entzun

«Oso pozik gaude». Iñigo Lerga argi mintzatu da Mendigorrian (Nafarroa) D ereduaren alde borrokan aritu diren gurasoen izenean. «Baina ez zaigu ezer oparitu, inondik inora», zehaztu du. Heldu den ikasturtean haurrek herrian euskaraz ikasteko aukera izanen dutela esan zien Nafarroako Hezkuntza departamentuak, baina bide horretan oztopo ugari izan dituztela azaldu du Lergak, eta ordu asko eman dituztela lanean. «Hala ere, merezi du». Eredu izan nahi dute besteentzat, eta bidelagun, haiek zabaldutako xendan jarrai dezaten beste batzuek ere: «Gurasoek ozen esan behar dute D eredua nahi dutela ikastetxean D eredua ez egon arren. Eskaera hori, gainera, publiko egin behar dute».

Balorazio ona egin du Mendigorriko guraso taldeak, seme-alabak D ereduan matrikulatzeko aukera izanen baitute Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoan. Hala ere, kezkaturik agertu da Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, oraindik ez baitute eskolen mapa berritua argitaratu. Astelehenean edo asteartean eginen zutela esan zien Hezkuntza departamentuak, baina ez da hala izan. «Aurtengo matrikulazio garaian Mendigorrian D ereduaren aukera  behingoz efektiboa izan dadin bermatu dezan eskatzen diogu hezkuntza departamentuari, inolako baldintzarik edo aitzakiarik gabe».

Gaubekak azaldu du zein den haien kezken iturria: «Mapa argitaratu behar dute, hilabete egon behar du publiko, eta behin dekretuaren aldaketa parlamentutik pasatu eta onartuta, aldaketak egin daitezke eta D ereduan matrikulatzeko aukera izanen lukete». Hala ere, Hezkuntza departamentuarekin egindako bileran D ereduan matrikulatzeko aukera bermatuko zietela esan zieten gurasoei. «Kezka da ea matrikulazio eperako garaiz egingo duten prozesu osoa».

Udalek badute zer esanik

Mendigorriko guraso taldea ez zaio soilik beste herrietako gurasoei zuzendu. Udalek ere badutela zer eginik gogorarazi dute: «Nafarroako Gobernuak esan zuen Mendigorriko Udalak ez zuela zilegitasunik D eredua eskatzeko, baina epaileak baietz ondorioztatu du: herritarrei eskubideak berdintasunean bermatzen ez zaizkienean udalak herritarrak babesteko zilegitasun osoa duela». Horregatik, Nafarroako udalak D ereduaren aldeko borrokan «bidelagun» izan behar direla eskatu dute gurasoek.

Mendigorriko afera Nafarroa osora zabaldu du Lergak: «Ez dugu gure haurren eskubideengatik egin, Nafarroa osoko haur guztien eskubideen alde baizik. Haur guztiek izan behar dute euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea, axola gabe zein den euren egoera sozioekonomikoa edo jatorria». Bide horretan, Behatokiak Nafarroako Euskararen legea izan du jomugan, herrialdeko haurren artean «desberdinkeria» ezartzen duelakoan. Nafarroan euskaraz ikasi nahi duenak «bazterketa» jasaten duela esan du, eta gaztelaniaz egin nahi duenak «berme guztiak» dituela.

Are, herrian bertan ez, baina Mendigorriko haurrek Garesen (Nafarroa) euskaraz ikas zezaketenez, Hezkuntza departamentuak esan zien hizkuntza eskubideak «bermatuta» zituztela. Haien aburuz, inon ez da zehazten euskaraz ikasteko eskubidea herrian bertan bermatu behar denik. «Hagitz larria da hori, euskarazko ikasleentzat ez duelako gertutasun printzipioak balio». Hori «onartezina» dela uste du Gaubekak, eta eskari zuzena egin dio Nafarroako Gobernuari: «Gaurdanik bermatu beharko lituzke gertutasun printzipioa eta zentro guztietan euskaraz ikasteko eskubidea».

Horri lotuta, eskaera-eskaintza logika bazter uzteko eskatu dio gobernuari, eta euskarazko hezkuntza hizkuntza eskubideen logikaren arabera eskaini dezan. Gainera, oraingo sistemarekin ezin da behar bezala neurtu zein den eskaria, Gaubekaren arabera: «Eskari sistemarekin euskaraz ikasteko gogoa ezkutatzen da, ezin delako hautatu D eredua hezkuntza mapan ez badago». Horregatik uste dute garrantzitsuak direla Mendigorrian D eredua lortzeko edo Iruñeko Haur Eskoletan euskarazko eskaintza lortzeko borroka publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.