Elkarretaratze jendetsua egin dute Azkoitian Ertzaintzaren jarrera salatzeko

Larunbatean tabernak itxi ostean herrian jazo ziren gertakariak salatu zituzten atzo Azkoitian, eta deialdiak erantzun zabala izan zuen. Herritar andana bildu zen Jazarpen polizialen aurrean, klase batasuna lelopean.

Herritar ugari bildu ziren atzo Azkoitian, Ertzaintzaren jazarpena salatzeko. MAXIXATZEN
Nagore Arin.
2021eko otsailaren 8a
11:50
Entzun

Jazarpen polizialen aurrean, klase batasuna lelopean, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo iluntzean Azkoitian, larunbatean jasandako «jazarpena» salatu eta Ertzaintzaren jarrera gaitzesteko. Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek egin zuten mobilizaziorako deia, eta herritar andana bildu zen: Azkoitiko plazan egin zuten protesta, ertzain ugari alboan zituztela.

Besteak beste, larunbat iluntzean gertatu zena salatu, eta «Poliziaren presentziaren gorakada, mehatxuak, eta identifikazioak» gaitzetsi zituzten. Hala dio Azkoitiko Gazte Asanbladak gertatutakoaren harira plazaratu duen idatziak: «Egoera honek goia jo du joan den larunbatean Azkoitiko gazteok jasan dugun erasoarekin. Egunean zehar ohi baino presentzia polizial gehiago izan genuen. Kaleak kontrolatzen ibili ziren, eta tabernetara ere sartu ziren». Idatziaren arabera, Ertzaintza gazteak identifikatzen hasi zen, eta polizia ugari agertu ziren: «Bi patruila eta istiluen aurkako furgoi bat ikusi genituen, herriko udaltzaingoekin batera. Bertan zegoen jendeari mehatxuka hasi ziren, sakabanatzeko esanez, bestela identifikatuak izango zirela».

Iluntzean gertatu zen, 20:00ak pasatxo zirenean, eta, Azkoitiko Gazte Asanbladaren oharrean dioenez, handik« gutxira «kalean zeudenen aurka egin zuen Poliziak». Nabarmendu dutenez, «inongo irizpiderik gabe» jo zuten gazteen aurka, eta horietako hainbat «erasoak» izan ziren: «Gazte bat ahotik eutsita kalean zehar arrastaka eraman zuten. Beste batzuk, aldiz, paretaren aurka bultzatu edo lurrera jaurti zituzten, eta ostikada ugari ere jaso zituzten». Gainera, «aldez aurretik planifikatutako ekintza» gisa izendatu dute Ertzaintzaren agerraldi hura, «horren denbora gutxian hainbeste polizia agertzeak» harrituta utzi baitzituen Azkoitiko Gazte Asanbladako kideak eta biztanleak.

Ordu erdi inguru iraun zuen elkarretaratzeak, eta protesta amaitzean ohar bat irakurri zuten: «Egoera justifikatzeko pandemiaren hedapena aitzakiatzat hartu den arren, ikusten ari garen neurriek ez dute arazoarentzat konponbidea bermatzen edota bilatzen. Osasun arlora baliabide gehiago bideratu beharrean, oinarrizko eskubide eta askatasunak ukatzen dituen estatu poliziala eraikitzearen alde egin dute agintariek, partidu politiko guztien onespenarekin». Era berean, salatu dute gazteak direla «estatu polizial» horren jopuntu: «Gazteok dugu gertatzen ari denaren errua komunikabideak ematen ari diren kriminalizazio kanpainaren arabera. Psike kolektiboan gazteria kriminalizatzera mugatu dira, horiek arduragabe gisa irudikatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.