Nafarroako Gobernuak hilaren 25era arte luzatu ditu neurri murriztaileak

Bilakaera epidemiologikoak hobera egin arren, herrialdea "arrisku handiko egoeran" dela esan du Indurain kontseilariak

Tabernen barnealdea itxita, eramateko kafea erosten dute askok. Irudian, Iruñeko Vinculo plaza. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 8a
19:10
Entzun

Nafarroako Gobernuak erabaki du otsailaren 25era arte luzatzea indarrean dauden neurri murriztaileak. Hala, besteak beste, ostalaritzaren barrualdeak itxita jarraituko du, bilkurak familia unitatera mugatuta, eta etxeratzeko ordua 23:00etatik 6:00etara. Herrialdearen itxiera perimetralak ere indarrean segituko du.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek adierazi duenez, bilakaera epidemiologikoak hobera egin du azken asteetan, baina «arrisku handiko» egoeran dago oraindik herrialdea, eta murrizketak luzatzea egokiena da. Azken 14 egunotako intzidentzia metatua 432,6koa da Nafarroan, 100.000 biztanleko. Ospitaleko oheen okupazio maila ere handia da: COVID-19a duten 180 paziente daude ospitaleratuta, eta horietatik, 31 ZIU zaintza intentsiboko unitatean.

Besteak beste, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreei eraginen die neurri murriztaileen luzapenak, tabernen barnealdea itxita egonen baita (terrazak zabalik). Saltokietan sar daitekeen jende kopuruari dagokionez, berriz, edukieraren %50ekoa da denda txikietan, eta %30ekoa, berriz, merkatalgune eta saltoki handietan.

Mugikortasunari eragiten dioten neurriak ere luzatu dituzte: itxiera perimetralak eta etxeratzeko aginduak indarrean segituko dute hilaren 25era arte. Espazio itxietan, bizikidetza unitate bakarra elkartu ahalko da aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.