Zaldibarko luizia

Zaldibarko hondamendia zela-eta militarrak eskatu ez izana kritikatu du Robles Defentsa ministroak

Eusko Jaurlaritzak adierazpen horiek gaitzetsi ditu, eta errefusa ditzala eskatu. «Ezbeharraren inguruko erabateko ezjakintasunetik» hitz egin duela ere leporatu diote.

jarraia193346.jpg
2021eko otsailaren 8a
19:48
Entzun

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak Eusko Jaurlaritza kritikatu du gaur, Zaldibarko hondamendian desagertutako langileen bilaketa lanetarako militarren presentzia ez eskatzeagatik. «Ez dut ulertzen nola leku batzuetan esan daitekeen militarrak ez direla joan behar, akaso, duela urtebete militarrek esku hartu izan balute gaur egun gorpu bat ez baitzen leku batean egongo». Ez du Jaurlaritza zuzenean aipatu, ezta Zaldibar bera ere, baina hitzok ildo horretatik joan direla ulertu dute EAJk eta Jaurlaritzak berak.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azkar erantzun dio, «ezbeharraren inguruko erabateko ezjakintasunetik» egindako adierazpenak izan direla esanez. «Ez dakit zehazki zein testuingurutan egin diren adierazpen horiek», azaldu du, baina hitz horiek Zaldibarko luiziari lotutakoak izan baldin badira «injustuak» direla. «Luiziari eta desagertutakoen bilaketa lanei aurre egin behar izan dioten pertsonek bakarrik dakite zer-nolako egoerei egin behar izan dieten aurre». Gogora ekarri du zenbat hondakin tona mugitu behar izan dituzten, zenbat eremu egonkortu, edota zenbat sute itzali behar izan dituzten.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak ere kritikatu egin ditu Roblesen hitzak, eta gogorarazi dio bere garaian egin zituen adierazpenak. Estebanen arabera, ministroak esan zuen «militarrek ezingo zutela egin Urkulluren gobernua egiten ari zen baino gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.