Txirrindularitza

Euskadi Fundazioak aurtengo denboraldia aurkeztu du

Euskaltel Euskadi taldea izango da proiektuaren buruan, eta denera 350 txirrindulari baino gehiago arituko dira profesionaletan eta harrobian. Taldeak «herri oso bat» ordezkatzen duela nabarmendu dute.

Euskaltel Euskadi taldearen aurkezpena, gaur goizean, Derion. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2021eko otsailaren 9a
20:08
Entzun

Euskadi Fundazioak 2021. denboraldirako egitasmoa aurkeztu du gaur, Euskaltelek Derion (Bizkaia) duen egoitza nagusian. Han izan dira fundazioko txirrindulariak, enpresa babesleak, erakundeetako ordezkariak eta hedabideak. Bazkide eta jarraitzaileek, berriz, Internet bidez ikusi dute ekitaldia. Fundazioak bere hiru talde nagusiak aurkeztu ditu: Euskaltel Euskadi, Laboral Kutxa eta 23 urtez azpiko Laboral Kutxa. «Harrobia zaintzen jarraitzeko konpromisoa» berretsi du.

Izan ere, harrobian eta talde profesionaletan, 350 txirrindulari baino gehiago arituko dira aurten. Euskaltel Euskadi UCI Pro Team kategorian lehiatuko da, bigarren urtez; Laboral Kutxa, UCI Women's Continental Team bigarren kategorian, lehengoz; eta 23 urtez azpiko Laboral Kutxa, berriz, talde profesionalen egituran filial gisa lehiatuko da estreinakoz.

Euskadi Fundazioa «bakarra eta berezia» dela adierazi dute aurkezpenean, nazioarteko tropelean ez baitago beste talderik gizonezkoen eta emakumezkoen mailetan harrobiko «piramide osatuarekin» lan egiten duenik. «Gure bereizgarria da, eta oso harro gaude», esan du Jesus Ezkurdia fundazioko presidenteordeak.

Ildo horretan mintzatu da Xabier Iturbe Euskalteleko lehendakaria ere, harro. «Fundazioaren ereduak ez du parekorik txirrindularitza munduan. Gure taldeak herri oso bat ordezkatzen du, gauzak egiteko eta sentitzeko modu bat, kirola ulertzeko beste alternatiba bat». Biek «marea laranjari» eman dizkiote eskerrak, Euskaltel Euskadi taldearen zaleei.

Euskaltel Euskadi taldea da kirol proiektu horren burua. Jorge Azanzak gidatuko du taldea, eta zazpigarren denboraldia izango du lan horretan. Azanzak hogei txirrindulari izango ditu haren aginduetara: hemezortzik errepikatuko dute aurreko denboralditik; Xabier Mikel Azparren eta Luis Angel Mate dira berriak. Lehena Laboral Kutxatik iritsi da, eta Mate, berriz, Frantziako Cofidis taldetik. Taldeak indartsu hasi du denboraldia: jokatutako lehenengo lasterketan, Valentziako Sari Nagusian, taldekako sailkapena irabazi zuen, eta Mikel Aristi bigarren postuan sailkatu zen.

Aurtengoa denboraldi berezia izango da Laboral Kutxa taldearentzat, kategoria berri batean ariko delako: UCI Women's Continental Teamen. Ion Lazkanok zuzenduko du taldea, eta maila handiko lasterketetan hartuko du parte; besteak beste, Itzulian eta Durango-Durangon. «Lasterketa horietan gure maila non dagoen ikusteko aukera izango dugu», esan du Lazkanok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.