Koronabirusa

Von der Leyenek onartu egin du Europako Batasuna «baikorregia» izan zela txertoen epeak jartzean

Europako Batzordeko buruak uste du, hala ere, EBko biztanleen %70 txertatuta egonen direla «uda amaierarako».

Von der Leyen, gaur, Europako Parlamentuan azalpenak ematen. JOHANNA GEROL / EFE
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 10a
10:49
Entzun

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek aitortu du Europako Batasuna «gehiegizko baikortasunez» jokatu zuela, COVID-19aren aurkako txertoak ekoizteko eta horiek banatzeko epeak kalkulatzeko tenorean: «Sinetsita geunden erreserbatu eta ordaindu genuen hori garaiz entregatuko zela». Berretsi du, hala ere, Europako biztanleen %70 inguru «immunizatua» egonen direla «uda amaierarako».

Europako Batasunaren estrategia bateratuaren alde hitz egin du Von der Leyenek: «Ez dut pentsatu nahi zer gerta zitekeen, herrialderik handienek berentzako txertoak bermatu eta herrialde txikiak bazter batean utzi izan balituzte. Burugabekeria izan zitekeen, gure komunitatearen bukaera».

Europako Parlamentuan egin ditu adierazpenok Von der Leyenek. Hainbat taldek eskatua zuten agerraldia, txertaketaren gaineko kudeaketari buruzko azalpenak eman zitzan. Batzordeari «gardentasuna» eskatu diote, besteak beste, EAJk eta EH Bilduk.

Europako Batzordeak 2.300 milioi dosi erreserbatu ditu, enpresa hauekin kontratu konfidentzialak sinatuta: Pfizer-BioNTechekin (600 milioi dosi gehienez), AstraZenecarekin (400 milioi), Sanofi-GSKrekin (300 milioi), Johnson & Johnsonekin (400 milioi), CureVacekin (405 milioi) eta Modernarekin (160 milioi). Horiez gainera, Novavax eta Valneva laborategiekin ere negoziatzen ari da Brusela, datozen hilabeteetan baimena jaso lezaketen txertoen dosi gehiago eskuratze aldera.

Europako Parlamentuko talde gehienek, ordea, Europako Batzordearen jokabidea txarretsi dute, era ilunean jardun eta multinazionalekin «malguegi» aritu delakoan: «Umiliazio eta ezintasun sentsazio bat orokortu da legebiltzarreko taldeen artean», azaldu du Pernando Barrenak, EH Bilduk Bruselan duen europarlamentariak. «AstraZenecaren auzian, adibidez, dakigun bakarra da hitzartutako txertoen erdiak bakarrik jasoko ditugula [40 milioi dosi igorriko dituzte, urteko lehen hiruhilekoan], eta enpresak ez duela horren azalpenik ere eman». Barrenaren ustea da Europari zegozkion dosiak «beste estatu batzuei» saldu dizkiela AstraZenecak, «atzeko atetik eta prezio handiagoan».

Ez da zalantzak agertu dituen bakarra: Europako Parlamentuko liberalen taldeak ere (Renew Europe) kontuak eskatu dizkio batzordeko presidente Ursula Von der Leyeni. Talde horretan dago EAJko Izaskun Bilbao europarlamentaria: «Gardentasuna behar dugu, egutegi argi eta fidagarri bat, denok jakin dezagun konpainia horiek noiz egingo dituzten bidalketak».

Sekretuen aretoa

Opakutasun horren adibide da Europako Batzordearen eta AstraZenecaren arteko kontratua. Hainbat taldek eginiko presioari esker, hitzarmena «argitara» atera du Bruselak, baina hori egiteko moduak kritika are gogorragoak eragin ditu: «Baldintza oso makurretan argitaratu dute», azaldu du Barrenak. «Europako Parlamentuan badago dokumentu konfidentzialak ikusteko areto bat. Sekretuen gela esaten diote, eta segurtasun neurri zorrotzak ditu: ezin da agirien kopiarik egin, eta europarlamentariei 50 minutuko tartea ematen zaie dena irakurtzeko». Kasu honetan, gainera, ohi baino traba gehiago jarri dizkie Batzordeak: «Aretora sartu, txostenak irakurtzen hasi, eta konturatu ginen dena zentsuratuta zegoela: preziorik ez zen inon ageri, ekoizpen eta entrega epeak ezabatuta zeuden... Lotsagarria».

Hala ere, zentsuratutako PDF dokumentuan borratuta zeuden datuetako batzuk ere azalera atera dira azken egunetan. Besteak beste, Bruselak AstraZenecaren txertoen truke ordaindutako prezioa: 870 milioi euro 300 milioi dosiren truke. «Argi dago enpresa batzuentzat negozio borobila dela hau: osasun krisi baten erdian, diru publikotik milioiak eta milioiak ematen dizkiegu lehentasunezko produktu bat ikertzeko eta garatzeko, eta, gero, produktu horren kopuru ikaragarriak erosten dizkiegu», kexu da EH Bilduko europarlamentaria. Pandemia garaian «etekin ekonomikoa lehenestea» leporatu die enpresei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.