Bide segurtasuna

Kamioilari bat atzeman dute N121An, eta baimenduriko alkohol tasa halako sei eman du

Gidariak txikizioa egin du Latasako baserriko soro baten horman, eta ihes egiten saiatu da, Foruzaingoaren arabera.

Atzemandako kamioilariak ustez eragin dituen kalteetako batzuk. FORUZAINGOA
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 10a
13:27
Entzun

Huelvan bizitokia duen 46 urteko kamioilari bati salaketa jarri dio Foruzaingoak, aire litroko 0,95 miligramoko alkohol tasarekin gidatzeagatik. Gidari gehienek 0,25 miligramotan dute muga, baina profesionalek ezin dute 0,15 miligramo baino gehiagorekin gidatu. Horrez gain, istripu lekutik ihes egiteagatik eta baldintzak betetzen ez dituen ibilgailu batean zirkulatzeagatik salatu dute. Iruñea eta Irun (Gipuzkoa) arteko N121A errepidean gertatu da, gaur gauean. Errepide horretan segurtasun arazo handiak daudela salatu dute azken urteotan inguruko biztanleek.

Foruzainen arabera, 03:50ean Elizondoko patruila batek kamioi bat ikusi du errepidean, kalte handiak zituela, istripu batean jaso daitezkeenak bezalakoak. Gelditzeko keinuak egin dizkiote gidariari, baina ez da gelditu, eta hamar kilometroz jarraitu du gidatzen. Azkenean, Polizia autoa kamioiaren aurrean gurutzatu behar izan dute, Bera inguruan.

Alkohol proba egin diote, eta beste bat emaitza baieztatzeko. Baimenduriko alkohol tasa halako sei eman du gidariak.

Andaluziatik (Espainia) piperrak zeramatzan Ingalaterrara. Foruzainek esan dutenez, kexatu egin da gelditu dutelako, Ingalaterrarako ferrya galduko zuela argudiatuta.

Foruzainek errepidea aztertu dute, kamioiak eduki duen istripuaren zantzuak topatzeko. Legasako baserri bateko soroaren harresian kalteak egin dituela ikusi dute, eta biribilgune bateko seinaleetan ere bai.

Iruñeko epaitegi batek bere gain hartu du afera. Araudiaren arabera, gidatzeko baimena urtebeterako ken diezaiokete, eta ia 3.000 euroko isuna ezarri. Horrez gain, lau puntu gal ditzake.

Gertaerak agerian utzi du, berriz ere, N121A errepidearen inguruan dauden herriek azken urteotan salatu duten segurtasun arazoa. 2010etik 2019ra, 31 pertsona hil ziren errepide horretan; beste 69 larri zauritu ziren, eta 222, arin. Istripu gehienak Nafarroako lurretan gertatu dira; handik igarotzen da errepidearen zatirik luzeena. Inguruko alkateek adierazi izan dutenez, errepidea bera baino gehiago, dagoen trafikoa da arazoa: 10.000 ibilgailu pasatzen dira egunero, eta horietatik 3.500 edo 4.000 kamioiak dira. Hainbat protesta egin dituzte azken urteotan, segurtasuna eskatzeko.

Otsailaren 8an hasi ziren N-121-A errepidea zabaltzeko lanak, Ezkaba eta Olabe artean. 2+1 motako errepidea egin nahi dute; hau da, alde batera bi lerro eta bestera bat dituena, errepidearen zati guzietan, batzuetan noranzko batean eta beste batzuetan bestean bada ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.