Sindikatuak

Patronalari «betorik» ez emateko ohartarazi diote Madrili CCOOk eta UGTk

Protestak egin dituzte Hego Euskal Herrian, lan eta pentsio erreformei ekiteko «ordua» iritsi dela esateko eta gutxieneko soldata handitzeko

CCOOk ta UGTk egindako protesta, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2021eko otsailaren 11
15:49
Entzun

Urtarrilean porrot egin du gutxieneko soldata igotzeko Espainiako Lan Ministerioaren saioak. Yolanda Diaz Lan ministroaren nahia azpiratu dute PSOEko beste ministroek, Nadia Calviño Ekonomia ministroa buru dela. Eta alarma piztu da UGT eta CCOO sindikatuetan, PSOE eta Unidas Podemosen gobernu programa betetzea uste baino zailagoa gertatuko dela argi baitago dagoeneko.

Elkarrizketa sozialaren aterkian egin nahi ditu Pedro Sanchezen gobernoak aldaketa handiak, eta horrek esan nahi du CEOE patronalak beto eskubidea izan dezakeela aurrerantzean, gutxieneko soldataren gaian izan duen bezala, lan erreforman eta pentsio erreforman ere. Patronalari «betorik» ez emateko exijitzeko eta erreforma horiek egiten hasteko garaia iritsi dela ohartarazteko, kalera atera dira CCOO eta UGT, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Orain bai lelopean elkartu dira, Gasteizko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, sindikatu bien arduradunak EAEn, Raul Arza eta Loli Garcia. Gutxieneko soldataren igoera, eta lan eta pentsio erreformak «funtsezko hiru errebindikazio» direla esan dute, eta ez dagoela «justifikaturik» gutxieneko soldata ez igotzea; «CCOOk igoera hori ikusi nahi du aurten: ezin da krisiaren pisua zigor handiena dutenen bizkarrean jarri», esan du Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko arduradunak.

Soldata orain ez igotzeak «egoera zaila eragingo luke» negoziatzeko dauden beste edukiei begira, sindikatuek ez dutelako onartuko «patronalaren beto eskubiderik». CCOOk gogorarazi du lan erreformaren aldaketak «oso aurreratuak» daudela aspaldian, eta ez dagoela «justifikazioarik» prozesu hori gelditzeko. Alegia, sindikatuen pazientzia amaitzen ari dela helarazi diote Pedro Sanchezen gobernuari, eta «hauteskunde kanpainan agindutakoa» betetzeko ordua iritsi dela.

Langileen txanda da

Iruñean egindako manifestazioaren aurretik, Nafarroako UGTko idazkari nagusi Ignacio Santosek esan dio Espaniako Gobernuari «izozturik dituen negoziazio mahaiak» zabaltzeko, «pandemian aurpegia eman dutelako langileek eta soldatak apaldu direla ikusi dutelako». Langileen txanda iritsi dela ohartarazi dio Santosek Madrilgo gobernuari, aldi baterako erregulazioak, kaleratzeko erregulazio «bihurtzen ari direlako han eta hemen». «Osasuna ekonomiaren aurretik egon behar zuela ulertu dute langileek, eta ahalegin handia egin dute, baina, orain, gobernuak bere lana egiten hasi behar du, langileei agindutakoa betez».

Madrilgo manifestazioan atera dira, bestalde, Espainiako sindikatuetako idazkari nagusiak, Unai Sordo eta Pepe Alvarez. Sordok esan du «lehentasuna» pandemia dela oraindik ere; «baina birusa gainditzen denean ekonomia suspertzen hasiko da, eta hazkunde hori langileen artean banatu beharko da». Horregatik, 2010. eta 2015. urteen artean egindako erreformak, lan arloan eta pentsioen arloan, «sobera» dituzte sindikatuek. 2008ko krisiaren irteera ez, beste bat behar dela erantsi du, eta horretarako lan erreforma aldatu behar dela lehenbailehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.