Hezkuntza

Nafarroako Gobernuak atzera bota ditu eskoletako onartze araudiaren inguruan Behatokiak egindako ekarpenak

Behatokiak salatu du ikasleen hizkuntza hautua bermatu ezean ez direla beteko berdintasun eta gertutasun printzipioak.

Mendigorrian D eredua eskatu zuteneko gurasoen eta Behatokiaren agerraldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 12a
11:14
Entzun

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak uko egin dio ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko araudiaren inguruan Behatokiak egindako ekarpenak jasotzeari. Hori dela eta, Behatokiak salatu du Foru Dekretuak ez duela beteko «berdintasun eta gertutasun printzipioa».

Behatokiak, besteak beste, eskatu zuen familiek aukera izan behar dutela nahi duten ikastetxea eta eredu linguistikoa hautatzeko. «Egun, ez da horrela. Eskola Mapak ikastetxe jakin batzuetara mugatzen du D eredua. Hortaz, Foru Dekretuak aipatzen dituen berdintasun eta gertutasun printzipioak bete nahi badira, ikastetxe guztietara zabaldu behar da. Euskaraz ikasi nahi duena ez dadin egon beste ikastetxe batera joatera behartuta».

Horrez gainera, gurasoek aurrematrikulazioan zentro guztietan nahi duten eredua adierazteko aukera izan beharko luketela ohartarazi zuen Behatokiak. «Eskola Maparen arabera zehazten dira ikastetxeen ereduen eskaintzak, eta gurasoek hala aitortutako ikastetxeetan bakarrik dute D eredua nahi dutela adierazteko aukera».

Hezkuntza Departamentuak atzera bota du, halaber, behar bereziak dituzten haurren hizkuntza hautuari gertutasun printzipioa aplikatzeko eskaria. «Berariaz kontuan hartu behar dira ikasle hauen hizkuntza eskakizuna eta behar espezifikoak. Eragina dute euren ongizatean eta heziketan», azpimarratu du Behatokiak.

Horiek horrela, Behatokiak salatu du nekez bete ahalko direla berdintasun eta gertutasun printzipioak: «Euskaraz ikasi nahi dute ikasleek bermetik gabe jarraituko dute».  Adierazi du Eskola Mapak txertatu duela Mendigorriko D eredua, baina gainontzeko mugei eusten dietela. «Ikasleen hizkuntza eskubideentzako langa izango da aurrerantzean ere».

Nafarroako Gobernuaren erantzuna gazteleraz jaso izana ere kritikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.