Bikoizketa

EHBE elkarteko bikoiztaileak lanera itzuli dira

Urtarrilaren 12an greba hasi zuten EHBEko bikoiztaileek. BERRIAk jakin duenez, haien eskaerak lortu dituzte eta lanera itzuli dira.

'Blinky Billen abenturak'. ETB
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 12a
12:23
Entzun

Duela hilabete bat, Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak uko egin zion Mixer enpresan ETBrako lan guztiak egiteari, gaztelaniazko lan bat salbu. Mixerrek 2018an bi urterako kontratua sinatu zuen ETBrekin bikoizketa lanerako; ondotik, urtebete luzatu zuen, eta abuztura arte dauka. EHBE elkartekoak kexu ziren baldintzekin. Haien lanuztearen arrazoiak jaso zituen BERRIAk, asteazkenean: «Bikoizketako langileok erabaki dugu lanuztea egitea, ordainsari duinak nahi ditugulako, eta etengabeko gainbeherari galga jarri, Euskal Herriko bikoizketari etorkizunerako irtenbideak eman behar zaizkiolako». Lanuzteari amaiera eman diote orain, eskatutakoa lortu dutela iritzita. EHBEk ez du adierazpenik egin nahi izan.

Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoek, bestalde, 2018ko irailean hasi zuten greba. Eta greban jarraitzen dute. Lanuzteei ekin zietenean, EHBE elkartekoek lanean jarraitu zuten, bereziki Mixer enpresan (Bilbo). Zera adierazi du Bieuse elkarteko zuzendaritzak: "Lanuztea hondatu duen langile talderik edo eskirolik egon ez denez, berehala lortu dute, dirudienez, salneurri igoera bat, 2018ko jaitsiera ere konpentsatzen ez duena. Beraz, bi urteren ondoren lanuztea egin genuenei, Bieuse elkarteko kideei, arrazoia eman eta planto egin ondoren, 2018. urteko tarifa jaitsiera konpentsatu ere egin gabe lanera itzultzea onartu dute. Alegia, 2018. urtean egindako jaitsieraren zati bat onartzen jarraitzen dute, eta horren aurrekoak ere bai, noski". Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoek argi dute lanuztearekin jarraituko dutela, elkartea sortu izanaren arrazoia lanbidea arautuko duen hitzarmen kolektibo bat lortzea delakoan. "Erkidego mailan legez lanbidea arautzen ez den bitartean, lan baldintzen eta salneurrien beherakada amaigabea izango da (hala izan da azken hogei urteetan). Lanera itzuli diren horiek enpresekin egindako hitzarmenak baliatzen dituzte, tokian tokiko salneurriak jaso eta gutxienekorik bermatu gabe lanean jarraitzeko. Une honetan egiten ari direna, hitzez hitz, EITBri gainerako bezeroei baino salneurri altuagoa eskatzea da. Beste enpresetan edo dauden horretan (Mixer enpresa) gaztelerazko lana merkeago eginaz, eta modu horretan sektore guztia murriztuz". Galdera hauek egin ditu Bieusek: "Zer dela eta ordaindu behar luke EITBk beste edozein bezerok baino gehiago? Edo gutxiago?. Euskaraz bikoizteagatik?"

Azkeneko hamarkadatan jaitsiera izan du euskarazko bikoizketa orduen kopuruak: 1991n, 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu; eta 2013an, 132 ordu. Azken datu horren bueltan dabil azkeneko urteetan.

Katalunian, TV3ek 1.200 ordu eman dizkie estudioei katalanez bikoizteko azkeneko urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.