Langile publikoak

Kontratu finkoa dutenek soilik hartu ahal izango dute erretiro partziala EAEko administrazioan

Eusko Jaurlaritzak CCOO eta UGT sindikatuekin egin du akordioa. ELAk salatu du lantaldea egonkortzeari uko egin diola gobernuak.

Langile publikoen protesta bat, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 12a
12:49
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Langile Publikoen Erretiro Partzialeko Plana onartu dute Eusko Jaurlaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Ohar batean, gobernuak ziurtatu du akordioak langile publikoen lan bizitzaren amaiera «nabarmen hobetzea» ahalbidetuko duela, eta gaineratu du enplegu berria sortzea erraztuko duela. ELA sindikatuarentzat, berriz, behin-behineko kontratuen ugaritzea ekarriko du neurriak, erretiroa hartzen dutenen postuak kontratu horiekin ordezkatuko direlako.

Akordio hori ezartzeak lan kontratu finkoa dutenei soilik eragingo die, eta honako sailetako langileei: Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetakoei, Hezkuntza Saileko irakasle eta hezitzaileei, eta Segurtasun Sailekoei eta Osakidetzakoei. 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen eginiko eskaerentzat izango da; UGTren arabera, 400 langile inguruk hartu ahal izango dute erretiro partziala aurten.

Jaurlaritzak adierazi du sindikatuen aldetik «ahalik eta adostasunik handiena» lortzen saiatu dela. ELAk eta LABek ez dute akordioa sinatu. Ohar batean, ELAk salatu du «modu autoritario eta antidemokratikoan» hartu dutela erabakia gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek, «administrazioko langile gehienen ordezkari diren sindikatuei bizkarra emanez».

Baldintza «zailagoak»

Sindikatu abertzalearen arabera, plan berriak «are gehiago zailtzen» ditu erretiro partziala hartzeko baldintzak – adin eta kotizatutako urte gehiago behar direla dio-, eta azpimarratu du langile finkoek soilik izango dutela horretarako eskubidea, eta haien ordezkoek behin-behineko kontratua izango dutela. Salatu du horrek handitu egingo duela EAEko administrazioan egun dagoen eta «onartezina» den behin-behinekotasun tasa, eta erretiro partziala hartzeko «aukerarik gabe» utziko dituela aldi baterako dozenaka langile, «jubilatzeko eskakizun guztiak bete arren». Horrekin batera, adierazi du ez dela funtzionarioen erretiro aurreratua ahalbidetzeko formularik adostu, eta erretiro osagarrien murrizketa mantentzen duela.

UGT, berriz, «pozik» agertu da adostutakoarekin eta «arduragabekeria» leporatu die ELAri eta LABi. Gogorarazi du gobernuak berretsi zuela akordiorik ezean ez lukeela errelebo kontraturik egingo aurten. Ildo horretan, azpimarratu du proposamenarekin bat egin duela langile batzuek erretiroa «berehala» hartzeko duten beharragatik. Gaineratu du, halaber, gobernuak konpromisoa hartu duela 2021eko azken lauhilekoan hurrengo urteetarako txanda kontratuen luzapenak negoziatzeko, eta batez beste 56 urte dituzten sailetako lantaldeak gaztetzeko neurriak hartzeko. Horri begira, hainbat proposamen egin ditu: besteak beste, 55 urtetik gorakoentzako murrizketa ordainduak, opor gehigarriak, eta erretiro partzialak langile, estatutupeko langile eta funtzionarioentzat.

ELAk, berriz, azaldu du Mahai Orokorreko bileretan honako eskaerak egin zituela: sektore publikoko langile guztiek izatea errelebo kontraturako edo erretiro partzialerako eskubidea; erreleboa hartzen dutenek lanaldi osoko kontratua izatea eta lanpostu hori ez galtzea; erretiro partziala hartzen dutenen laneko denbora efektiboa murrizteko neurri guztiak aztertzea; eta funtzionario eta langile estatutarioek erretiratzeko adina aurreratzeko tresnak eta formulak izatea. Sindikatuak salatu duenez, Jaurlaritzak uko egin dio horri guztiari, «indarrean dagoen legediak horretarako aukera eman arren eta EAEko beste zenbait erakundetan hala egin arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.