Olinpiar Jokoak

Tokioko Jokoen antolatzaileak kargua utzi du, iruzkin matxistak egin zituelako

Emakumeek gehiegi hitz egiten dutela eman zuen aditzera Yoshiro Morik joan zen astean.

Mori, kargua utziko duela iragartzen, gaur, Tokion. YOSHIKAZU TSUNO / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 12a
18:24
Entzun

«Batzordeko presidente kargua utziko dut», esan du Yoshiro Mori Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetako arduradun nagusiak gaur, Tokion. Jokoetako antolakuntza taldeko bileraren aurretik egin du iragarpena. Bileran bertan aukeratu asmo zuten Moriren ondorengoa.

83 urte ditu Morik, eta joan zen astean egin zituen iruzkin matxistek eskandalua eragin dute Japonian eta munduan. Japoniako Olinpiar Batzordeak %20tik %40ra igo nahi du emakumezko kide kopurua, eta, horren harira, Morik esan zuen aurrerantzean bilerak «luzeagoak» izango zirela, «emakume batek hitz egiten duenean beste guztiek ere hala egin nahi izaten baitute».

Hainbat kirol erakundek txarretsi egin dituzte Moriren adierazpenak. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen (NOB) arabera,  Morik esandakoak «talka egiten du NOBk dituen konpromisoekin eta 2020 Olinpiar Agendan egiten ari den aldaketekin. NOBk lanean jarraituko du sexu parekidetasunaren, elkartasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde».

Dimisioa beste kolpe bat da Japoniari oso aldapa gora egiten ari zaion antolakuntza lan batean. Iazko udan ziren egitekoak Tokioko Olinpiar Jokoak, baina bertan behera utzi zituzten, pandemiarengatik. Jokoak aurten egingo zituztela iragarri zuten, baina horren inguruko zalantzak ere adierazi dituzte nazioartean.

Halere, urtarrilaren amaieran, Japoniako lehen ministro Yoshihide Sugak adierazi zuen udan Olinpiar Jokoak egitearen asmoari eusten diotela. Jokoak egitea «gizateriak COVID-19a mendean hartu duen seinale litzateke», esan zuenez.

The Times egunkariak argitaraturikoari aurre egin zion Sugak. Kazeta horren arabera, Japoniako Gobernuak «pribatuan» erabakia du Olinpiar Jokoak ez antolatzea, eta lanean ari da 2032koak antolatzea eskatzeko. Izan ere, 2024koek eta 2028koek badute egoitza: Paris eta Los Angeles (AEB), hurrenez hurren.

Dimititu berri duen Moriren Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ere oharra atera zuen: «Japoniako Gobernuak ateratako oharra argia da, eta ozen esan nahi dugu informazio horiek faltsuak direla. Denak ari gara lanean uztailean egingo diren Jokoak arrakastatsuak izan daitezen. Hori besterik ez dugu buruan. Arreta osoa hor dugu jarrita. Beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko lanean ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.