Eskuin muturra

Istiluak izan dira Urruñan, Batasun Nazionalaren elkarretaratze batean

Eskuin muturreko alderdiko kide batzuek migratzaileen aurkako protesta bat egin dute, eta aurre egin diete hainbat eragile antifaxistatako kideek. Poliziak banatu behar izan ditu. 

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko otsailaren 16a
09:59
Entzun

Ekainera gibeleratu dituzten departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeen kanpainari hasiera emateko agerraldia egin nahi zuen goiz honetan, Urruñan (Lapurdi), eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiak. «Gure herrialdeak pairatzen duen inmigrazio masiboa» salatzeko ekintza bat egitea zen haien xedea, baina dozenaka lagun elkartu dira eskuin muturreko alderdi horren kontra protesta egitera. Batasun Nazionaleko kideek Inmigrazioa aski da! zioen pankarta atera dutenean, istiluak izan dira.

Goizean goizerako deitua zuen prentsa Batasun Nazionalak. Hamazazpi pertsona elkartu dira: tartean, François Verriere Pirinio Atlantikoetako alderdiko arduraduna, Jacques Colombier Akitania Berria eskualdeko Batasun Nazionaleko burua, eta Edwige Diaz ekainean iraganen diren eskualdeetako hauteskundeetako Akitania Berriko hautagaia.

Parean, 150 bat herritar elkartu dira, eragile eta kolektibo andanaran deiari erantzunez, eskuin muturreko alderdiaren presentzia salatzera. Besteak beste, Etorkinekin kolektiboak, EH Baik, Frantzia Insumisoak, PCFk, LABek, IPEH Antifaxistak, GKSk eta Jalgik parte hartu dute protestan. Besteak beste, Euskal Herrian mugarik ez!, Euskal Herria antifaxista eta Hemen Batasun Nazionala da atzerritarra irakur zitekeen pankartetan, manifestariek "alde hemendik, utzi bakean" oihukatzen zuten artean.

«Faxistak kanpora!» oihuak batetik, «Macronen konplizeak!» bestetik, Batasun Nazionalekoek migratzaileen aurkako pankarta bat atera dutenean hasi dira istiluak. Manifestariak haiengana joaten saiatu dira, baina Frantziako Polizia sartu da tartean, eta bultzaka eta negar gasa erabiliz oldartu zaie eskuin muturraren kontrako protesta egiten ari zirenei.

Batasun Nazionalak bertako herritarrei egin nahi dien «manipulazioa» salatu du Iker Elizalde EH Baiko kideak, eta 2022an iraganen diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeei begira kokatu du eskuin muturraren agerraldia. «Segurtasunaren aldeko apustua egiten dute, [Emmanuel] Macronen gobernuak egiten duen moduan», adierazi du. «Horrelako ekimen bat egitea hemen bizi garenon kontra doa. Hau bizi eremu natural bat da, zubi hori zeharkatzen duena. Mespretxuaren gainetik, ezjakintasuna erakusten du; ez dakite nora etorri diren».

 

Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak erran du «xenofobiak eta arrazismoak» ez dutela lekurik, eta Euskal Herria harrera herria dela. «Batasun Nazionalak zabaltzen dituen ideiak onartezinak dira, jendeen beldurren gainean jokatzen dute, oraindik gehiago pandemia egoera honetan. Guk diogu xantza bat dela inmigrazioa lurralde honentzat».

Prentsari egindako adierazpenetan, «frantsesak defendatzera» etorri direla adierazi du Diazek: «Frantziak ezin du hartu hainbeste immigrazio». Hitzaldia bukatzean, Gipuzkoa aldera pasatu dira eskuin muturrekoak, baina, autoetara itzultzean, istiluak izan diran berriz. «Alde hemendik, utzi bakean!» oihu artean jarraitu diete manifestariek, alde egin arte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.