Autogintza

Madrilek Moves plana iragarri du, elektrikoen erosketa laguntzeko

Reyes Maroto Industria ministroak azaldu du erkidegoekin adostu duela eta 400 milioi euroko funtsa izango duela

Auto elektrikoak, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2021eko otsailaren 17a
12:52
Entzun

Faconauto auto saltzaileen kongresuan jakinarazi du Espainiako Gobernuak autogintzarentzat diru laguntzak prest dituela berriro, oraingoan Moves planaren bidez; hau da, auto elektrikoen erosketa eta horien karga egiteko egiturak finantzatzeko laguntzak izango dira. Hasteko, 400 milioi euroko poltsa jarri du Madrilek, baina 800 milioi euro artekoa ere izan daitekeela esplikatu du Maroto ministroak.

Ez du azaldu Moves plan horrek balizko auto erosleei zenbateko laguntzak emango dizkien; aurrerago jakingo dira xehetasunak, hala diru laguntzen zenbatekoena nola horiek lortzeko baldintzena.

2030. urterako, hidrogeno berdea autogintzan erabat sartuta egoteko helburua duela azaldu du Industria ministroak, eta gogoratu du beste herrialde batzuekin elkarlanean ari dela bateria elektrikoak garatzeko proiektuetan, betiere autoen mugikortasunean eraginkorrago eta garbiago izateko.

Kontzesionarioen negozioa %18 gutxitu da 2020. urtean. Autogintzak aspaldian gainean daraman zama, dieselaren beherakada tarteko, are astunagoa bihurtu da pandemiak lehertutako krisi ekonomikoaren ondorioz, eta 2020. urtean sektoreak izan dituen zenbaki txarrek eragin handia izan dute kontzesionarioen jardueran. Hego Euskal Herriko auto saltzaileek 395 milioi euroko salmentak galdu zituzten iaz, aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 1.906 milioi euroko fakturazioa lortu zuten: hau da, 2019an baino %17,8 gutxiago.

«Gure bideragarritasuna posible izan dadin, aurtengo lehen seihilekoan salmentak handitzea lortu behar dugu. Guretzat ezinbesteko baldintza da orain arteko krisia egiturazko krisi ekonomikoa ez bihurtzea, horrek kontsumoa suspertzea galaraziko bailuke», esan du Faconautok asteon. Bada, azkar erantzun du Espainiako Gobernuak Moves plan berri batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.