Enpresak

Airbusek zenbaki gorrietan amaitu du 2020a

Urte amaiera ona izan duela azaldu du konpainiak, baina, bere aurreikuspenen arabera, 2023-2025era arte luzatuko da sektoreko krisia. Euskal Herrian 50 hornitzaile inguru ditu.

Airbuseko arduradunak, modelo berri baten aurkezpenean. HANNAH MCKAY (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 18a
13:28
Entzun

Airbus Europako hegazkin ekoizle nagusiak 1.133 milioi euroren galera garbiak izan ditu 2020. urtean. Koronabirusaren krisia gogorren jotzen ari den sektoreetako bat da hegazkin ekoizleena, mundu osoan joan-etorriei ezarri zaizkien murrizketengatik. Airbusek, baina, Boeingek baino hobeto amaitu du urtea. AEBetako erraldoiak 11.900 milioi dolarreko galera izan du 2020an, bereziki azken urteetan 737 Max modeloarekin izaten ari den arazoengatik.

Airbusek, dena den, bi urte darama galerak pilatzen. 2019koa baino %15 txikiagoa izan da iazkoa: duela bi urte 1.362 milioi eurokoa izan zen, baina, produkzioak baino gehiago, ustelkeria kasu batengatik jarritako isun batek eragin zuen zulo hori.

Konpainiak zuhur begiratzen die datozen hilabeteei. Urte amaiera ona izan duela azaldu du: entregen erritmoa berreskuratzea lortu duela, txertoarekin loturiko albisteak tarteko, airelinea komertzialek bultzatuta. Baina urte osoan pilatutako zenbaki gorriak txukuntzea lortu badu, gobernuen eskaerei esker lortu du, bereziki armadetarako eskaerengatik. Iaz, merkataritza hegazkinenak bi heren apaldu ziren; aldiz, armadenak %39 handitu ziren. Helikopteroen adarrak ere gora egin du.

Udaberrian, zer etor zitekeen ikusita, ekoizpen erritmoak %30 baino gehiago murriztu zituen Airbusek; ikerketa eta garapenerako gastuak %15 txikitu zituen, eta 15.000 langile kaleratu zituen (134.000 ditu guztira). 2021. urterako, konpainiak iragarri du oraingoz ez duela doikuntza gehiago egingo produkzioan eta lantaldean.

Itzala euskal enpresetan

Airbusek itzal luzea du Europa osoan, haren hornitzaile direnengan, bereziki. Euskal Herrian, 50 enpresa eta 6.000 behargin inguru ari dira arlo horretan, eta Airbus da haien guztien bezero nagusia. Hala, Europako erraldoiak hartutako erabakiek domino efektua izan dute: berrehundik gora langile kaleratzen hasi dira, besteak beste, Bizkaiko ITPn, Arabako Aernnovan, Aciturrin eta Alestisen eta Lapurdiko Lauaken.

Hurrengo urteko aurreikuspenak ere ez dira onak. Airbusek espero du 2023-2025ean leheneratzea merkatua. 2021ean 2020ko hegazkin komertzial kopuru bera entregatzea aurreikusi du. Aurten modelo txikienen fabrikazioa handitzea pentsatu du, hilean 40-45 eginda. Krisia hasi baino lehen, 63 egitea espero zuen.

Etorkizunari buruz, zuhur mintzatu da Guillaume Faury Airbuseko kontseilari ordezkaria: «2020ko emaitzek Airbusen erresilientzia erakusten dute, sektore aeroespaziala kolpatu duen krisi larrienaren aurrean. Baina zalantza handiak daude gure industrian 2021era begira, pandemiak eragina izaten jarraitzen duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.