Apirilean txertaketa masiboa hasiko dute Nafarroan

Biztanleria osoari txertoa jartzeko egitasmo bat jarriko dute martxan, 80 urtetik gorakoekin hasita.

Santos Indurain Osasun kontseilaria, gaurko agerraldian. JESUS DIGES / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 19a
14:53
Entzun

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek iragarri du gaur: apiriletik aurrera Nafarroako populazio osoa txertatzeko egitasmoa hasiko dute.

Jadanik 18.000 egoiliar eta langile soziosanitario txertatu dituztela azaldu du, eta apirilerako «txertaketa masiboa» egiten hastea aurreikusi du. Adin irizpideak hartuko dituzte kontuan biztanleak lehenesteko orduan, eta apirilaren aurretik hasiko dira 90 urtetik gorakoak txertatzen. 7.500 inguru dira Nafarroan adin horretatik gorakoak. Hirietan banatuko dituzte lehenak, eta gerora jarriko dituzte landa eremuetan. Osasun zentroei horretarako baliabideak bidaliko dizkietela jakinarazi du Indurainek.

Martxoan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira, eta, gero, 80 urtetik gorakoei emango diete. Indurainek esan du oraindik ez dakitela ziur noiz hasiko diren horiek txertatzen, baina «beranduenen» martxoaren 8an izango dela.

Nafarroan 7.500 inguru dira 90 urtetik gorakoak, eta 80 urte baino zaharragoak, 34.892. Osasunbideak deitu egingo die, eta txertoa noiz eta non hartuko duten esango die. Gero, SMSren bidez baieztatuko diete hitzordua, 48 ordu lehenago.

Iruñean eta inguruetan hasiko dira, «logistika arrazoiengatik». Halere, adierazi du ez direla asko atzeratuko landa eremuetan txertoak jartzen: hirietan hasi eta bi astera hasiko direla han, beranduenez.

Osasun etxeetako baliabideekin egingo dituzte txertaketa lana, «behar den errefortzuarekin». Izan ere, txertaketa kanpaina osasun etxeetako bestelako lanekin bateratzea nahi dute.

Indurainek esan duenez, egutegia egiteko badakite Pfizerren zenbat txerto helduko diren, baina oraindik ez dakite guztiz ziur Moderna etxeko zenbat iritsiko diren. Edonola ere, esan du martxoaren amaierarako adosturiko guztiak helduko direla.

Apirilean, berriz, txerto dosi gehiago edukiko ditu Osasunbideak, eta txerto mota gehiago: Janssen etxearena aipatu du kontseilariak.

Ordua eskatu beharko da

Apiriletik aurrera, herritarrek txanda eskatu beharko dute, eta horretarako sistema bat prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Zaharrenak lehenago hasiko dira txertatzen. 70 urtetik gorako 53.755 herritarrak txertatuko dituzte. Ondoren, 60 eta 69 urte arteko 73.800ak, eta gazteago izan arren koronabirusak eraginda osasun arazo larriak garatzeko arriskua daukatenak. Talde horien ondoren, gainerako herritar guztiak txertatuko dituzte.

Orain, osasun langileak, poliziak eta suhiltzaileak ari dira hartzen txertoa. Astebete edo bi aste barru, irakasleekin hasiko dira: hezkuntza berezikoak aurretik, eta lehen eta bigarren hezkuntzakoak gero.

Santosek esan du dagoeneko 49.353 dosi jarri dituztela, eta 18.916 pertsonak bi dosiak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.