Martxoak 8

Sistema arrakalatzeko aldarria egingo du mugimendu feministak Martxoaren 8an

Baionan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian egingo dituzte manifestazio nagusiak. Gainontzeko herrietan ere mobilizazioak antoatu ditu mugimendu feministak. 

Mugimendu feministako kideak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 25a
13:40
Entzun

Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean hartuko ditu karrikak Martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak. Gaur aurkeztu dituzte mobilizazioak Donostian, eta nabarmendu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela karrikara ateratzea. Bilbon, Baionan, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira manifestaziorik handienak, baina, hirietan ez ezik, Euskal Herriko hainbat herritan ere egingo ditu ekitaldiak mugimendu feministak. Ekitaldi denetan osasun neurri guztiak betetzeko deia egin dute. 

Bizitzak erdigunera eramateko eskatu du mugimendu feministak, eta salatu du oraingoa ez dela osasun krisia soilik: «Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo». «Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko, feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu», nabarmendu du Irati Ezkerra mugimendu feministako kideak, eta horretarako kaleak hartu beharra azpimarratu du.

Gobernuek kapitala lehenetsi dutela salatu du mugimendu feministak, eta emakumeen kontrako erasoek ez dutela etenik: «Abusu poliziak eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, indarkeria matxistak ez du etenik, eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan».  

Mugimendu feminista egunetik egunera «gaurkotzen» eta «indartzen» ari dela nabarmendu du Ezkerrak: «Gure arteko arrazakeria bistaratu eta landu dugu, herri eta auzoetan aliantza sareak ehundu ditugu, borrokarako espazioa zabaldu dugu, eta mundu mailako ekintzetan parte hartu dugu». Horregatik, karrikan egongo direla nabarmendu du Ezkerrak: «Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo dugu, eta, Martxoaren 8an, erdigune eta bazter guztietan mobilizatuko gara"

Mobilizazioak

Baionan, goizean aterako da mugimendu feminista karrikara: 12:00etan hasiko da manifestazioa, ospitaletik. Gainontzeko hiriburuetan, arratsaldean aterako dira karrikara. Donostiako mobilizazioa 18:30ean hasiko da, Antiguako tunelean. Gasteizen eta Bilbon, 19:00etan izanen dira manifestazioak. Gasteizkoa San Anton plazatik aterako da; Bilbokoa, Jesusen Bihotzetik. Iruñean, berriz, 20:00etan izango da protesta, eta manifestazio bakarra izan beharrean, auzo bakoitzean izango dira mobilizazioak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.