Alardea

'Aurrera egin badugu' dokumentalaren trailerra aurkeztu du Jaizkibel konpainiak

Martxoaren 5ean estreinatuko da Jaizkibel konpainiak ekoitzitako dokumentala, Hondarribiko Itsas Etxea aretoan. Konpainiak bidean izan dituen lagunen bizipenak bildu nahi izan ditu film horretan. 

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 25a
16:29
Entzun

Elkarrizketa formatuko solasaldiak biltzen dituen dokumentala sortu du Hondarribiko Jaizkibel konpainiak. Aurrera egin badugu izena du dokumentalak, eta Jaizkibelek azken urteetan bidelagun izan dituenak paratu ditu solasean. Julen Hernandez Esnaola da dokumentalaren zuzendaria. Aitzinetik, Hernandez Esnaolak bertze dokumental bat du egina konpainia parekidearen historia kontatuz.

Hiru elkarrizketa dira dokumentalaren haria: Jaizkibeleko kide Arantxa Urretabizkaiak, Jaime Altunak eta Oihana Etxebarrietak Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner idazlea eta Itziar Ituño aktorea elkarrizketatu dituzte ikuspuntu zabal, askotarikoak eta desberdinak bilatzeko ahaleginean.

Arantxa Urretabizkaia dokumentalean ageri denekoa. Argazkilaria: Joaquin Reixa Poveda

«Argi daukagu, Jaizkibel konpainiaren historia, Euskal Herriko eta munduko mugimendu feministaren parte txiki bat dela, eta guri eragiten digutela hainbat herri eta bizipenetatik egiten diren borrokek», nabarmendu dute konpainiako kideek. Horregatik, dokumentalaren bidez, emakumeen parte hartze parekidearen bidean urrats ugari egin dituzten herrietatik ikasteko asmoa azaldu dute.

«Aurrera egin badugu urte hauetan, berdintasunaren aldeko borrokalariei esker izan da. Elkarrengandik ikasi dugu, eta elkar babestuz egin dugu aurrera. Hori guztia biltzen saiatu gara dokumentalean», kontatu dute konpainiako kideek. Dokumentala hausnarketarako tresna izateaz gain, parean dutenari aitortza egiteko izatea nahi dute.

Jaime Altuna eta Kattalin Miner dokumentalean ageri direnekoa. Argazkilaria: Joaquin Reixa Poveda

Martxoaren 5ean estreinatuko dute filma Hondarribiko Itsas Etxea aretoan, 19:00etan. Horren ondoren, bertze emanaldi bat eginen dute Hondarribian, eta Irunen ere erakutsiko dute. Martxoaren 9an, Donostiako Principe aretoan aurkeztuko dute dokumentala, 17:00etan, eta, martxoaren 11n, Gasteizko Vital fundazioan, 18:00etan. Bilbon eta Madrilen aurkeztu asmo dute, eta Euskal Herriko aretoetan hainbat emanaldi egiteko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.