Enpresak

CAFen irabaziak %60 apaldu ditu pandemiak

Hamar milioi euroko mozkinak lortu ditu 2020. urtean. Beasaingo konpaniak esplikatu du lehen seihilekoan jarduera asko jaitsi zaiola. Autobus elektrikoak salmenten %26 dira jada.

CAFen lantegia, hutsik konfinamenduaren garaian. JON URBE / FOKU
xabier martin
2021eko otsailaren 25a
19:16
Entzun

Koronabirusaren urteak modu nabarmenean eten du CAF konpaniak azken urteetan zeraman goranzko abiadura emaitzetan. Beasaingo trengileak esplikatu du iazko lehen sehilekoan, pandemiak bete-betean jo duela sektorea, eta oraindik ere, mantentze -lanen esparruan ez dela normaltasuna berreskuratu. Hala ere, Gipuzkoako industria enpresa handienak mozkinei eustea lortu du: hamar milioi euroko irabazi garbia izan du. %60 apaldu du azken kopurua, baina 2020. urteak azpiegituretan izan duen inbertsio publikoaren geldialdia ikusita, ez da emaitza txarra, hasteko ez dagoelako gorriz marrazturik.

Gainera, CAFek badu zeri heldu adierazteko ez duela arrakastaren bidea galdu. 2.762 milioi euroren fakturazioa lortu du, aurreko urtean baino %6 gehiago. Autobus elektrikoen Solaris adarrak jada fakturazioaren %26 ekartzen du eta Ebitdaren heren bat, eta Euromainten erosketak mantentze lanen kontratuak ugaritu ditu.

Edonola ere, CAFen giharra eskaera-poltsa da. 8.807 milioi euroko kontratuak ditu gauzatzeko zain; %6,7 jaitsi da zorro hori, baina aurreko urtean errekorra ezarri zuen. Eta oso kontuan hartu beharreko beste aldagai bat da eskaera-zorroaren zifrak ez duela jaso Parisko RATPek egindako iragarpena; hau da, CAFek eta Bombardierrek osatutako kontsortzioak hornituko dituztela 146 tren, eta lan horien balio osoa 2.560 milioi eurokoa dela
—%35 dagokio CAFi—. Alstomek Bombardier erosi du, eta tren horiek ez dituela egingo iragarri du. Oso haserre erantzun dio RATPk: auzitegietara eramango duela esan dio Alstomi, eta hurrengo lehiaketetatik kanpo utziko duela jarrera aldatzen ez badu. CAFek kontratuarekin jarraitu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.