Merkataritza

Nafarroako merkatariek laguntza nahi dute berehala, mila saltoki itxi ez daitezen

Dendariek egindako inkesta batek alarmak piztu ditu, eta itxierak eragozteko plan eraginkor bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Iruñeko kafetei bat, Parte Zaharrean. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2021eko otsailaren 26a
17:36
Entzun

Merkataritzak aurrez aurre duen muturreko egoerak derrigortzen gaitu berehalako laguntza plan bat eskatzera, enpresek aurrera jarrai dezaten; ez bada planik, itxi beste biderik ez dute izango askok». Nafarroako hainbat merkataritza elkartek laguntza dei etsia egin diote Nafarroako Gobernuari, elkarte horiek egindako inkesta baten ondorioak alarmak piztu ondoren: mila saltoki inguru ixteko arrisku bizian daude, pandemiak urtebete egin duen honetan. Koronabirusak lehertarazi duen krisi ekonomikoak aurrean eramango ditu negozio asko; hori aurreikusi dute aditu askok, eta itxiera hurbiltzen den heinean, laguntza eskaerak gero eta ozenagoak dira.

Besteak beste, Nafarroko Merkatarien Elkarteak, Parte Zaharreko Elkarteak eta La Txan Ostalaritza eta Merkataritza Elkarteek egindako inkestak islatu du Nafarroako merkatarien %72k salmenta gutxiagoa egin dituztela 2020. urtean, eta horien artean kalte handiena jasotakoak direla, arropa, zapatak, osagarriak, bitxiak, eta betaurrekoak saltzen dituztenak, ia %90 apaldu zaizkielako salmentak. Edonola ere, pandemiak ia denei egin die kalte. Hamarretik sei merkatarik salmenten %30 eta%40 artean galdu dituzte azken urtean. Hori horrela, merkatarien bozeramaileek garbi esan dute mila izan daitezkeela luze gabe ateak itxi beharko dituzten negozioak, salmentak igo gabe jarraitzea oso zaila delako.

Eta zenbat enplegu gal daiteke lurraldean, merkatari txikien sektorean? Bada, elkarteek azaldu dutenez, bederatzi hilabeteko epe batean, 2.500 enplegu gal daitezke, ez badira martxan jartzen laguntza azkarrak eta nahikoak. Krisiaren lehen zartadaren zenbakiak lirateke horiek, betiere merkatarien datuen arabera, bost urterako aurreikuspenak are larriagoak baitira: 4.000 enpleguren galera, autonomak eta soldatapekoak kontuan hartuta.

Hamasei milioiko laguntza iragarri du Eusko Jaurlaritzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zapata eta arroparen sektoreak hamasei milioi euroko laguntza jasoko duela iragarri du Jaurlaritzako Merkataritza Sailak. Egun gutxi barru zehaztuko dute laguntza zuzenak diren edo maileguak; jakitera eman dute, nolanahi ere, negozio bakoitzaren lanpostu kopurua izango dela irizpideetako bat laguntzak banatzeko. Merkataritza Sailak dio hamasei milioi euroko laguntza honekin, jada ehun milioi euroko laguntzak jarri dituela martxan, pandemiak merkataritzari egindako kaltea arintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.