ezbeharra

Azpeitiko suteak bi pabiloi erre ditu

Sutea pintura enpresa batean piztu da bart, 22:00 aldera, eta 04:00etarako kontrolatu dute. Ez da inor zauritu, baina kalte material ugari eragin ditu.

Suteak eragindako kalteak. @112_SOSDEIAK
2021eko otsailaren 27a
12:39
Entzun

Azpeitiko (Gipuzkoa) Irurena pintura eta berniz enpresaren egoitzak su hartu zuen bart, Urtzelaieta industrialdean, 22:00 inguruan, eta biltegi gisa erabiltzen zituzten bi pabiloi erre dira. Bulegoak dauden eraikinak, berriz, ez du kalterik izan. Suhiltzaileek 04:00 aldera lortu dute sua kontrolatzea, baina 10:30ean oraindik guztiz itzali gabe zegoen, eta lekua hozteko lanekin jarraitzen dute.

Errezilerako noranzkoan dagoen GI-2635 errepidearen ondoan dago industrialdea, eta, suak eragindako kearen ondorioz, hasiera batean, inguruko baserrietan bizi diren herritarrak euren etxetik atera dituzte. Sua kontrolatu bezain laster izan dute itzultzeko aukera. Ez da zauriturik izan sutearen eraginez, ez baitzegoen langilerik ordu horretan, baina «galera materialak handiak» izan dira. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bere urak Urola ibaian isurtzen dituen erreka bati ere eragin dio suak.

Azpeitiko, Zarauzko, Legazpiko eta Eibarko suhiltzaileak bertaratu dira, eta, Gipuzkoako Aldundiaren esanetan, hogei lagun aritu dira itzaltze lanetan. Erakunde berak jakinarazi du oraindik ez dakitela zerk eragin duen sua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.