Reala 3-1 Real Madril

Gora begira jarraitzeko garaipena

Galtzen hasi arren, Realak sendotasuna erakutsi du, eta, bigarren zati on batean, aurretik jarri da: 3-1.

Realeko jokalariak, lehen gola ospatzen. REALA
2021eko otsailaren 28a
14:29
Entzun

Hiru puntu garrantzitsu bereganatu ditu Realak Zubietan, Real Madril mendean hartuta. Txuri-urdinak galtzen hasi dira, baina, bigarren zatian ondo aritu, eta markagailua irauli dute. Orain, sailkapenean puntu bakarrera dituzte Real Madril eta Atletico Madril, Europarako aukera ematen duen hirugarren posturako borrokan.

Partidako lehen aukera Real Madrilek izan du, baina adi ibili da Quiñones Asllaniren jaurtiketari erantzuteko. Minutu gutxian, Jakobssenen beste aukera bat ere ekidin behar izan zuen atezainak. Hirugarrenean, baina, ezin izan du ezer egin Marta Cardonak area kanpotik eginikoa geratzeko. Realeko jokalari ohiak bikain definitu du jokaldia. 11 minutu besterik ez partida hasi denetik, eta zail jarri zaizkio gauzak Realari. Hala joan dira lehen hogei minutuak. Hortik aurrera, ordea, Reala esnatu egin da, eta Franssik banakoa jarri du markagailuan. Nerea Eizagirrek, baloi eder baten bidez, bakarrik utzi du Franssi Misa atezainaren aurrean, eta hark ez du barkatu. Atsedenaldira bitarte, partida parekatua izan da, eta aukera gutxi izan dira bi taldeentzat.

Bigarren zatian, erabat aldatu da partida. Indartsu atera da etxeko taldea, eta, 53. minutuan iritsi da saria. Eizagirrek berak area barruan bizkarrez jaso du baloia, ateari begira jartzea lortu, eta ezkerkada batez markagailua irauli du. Real Madril ez da gai izan berdinketa jartzeko moduko aukerarik izateko, eta, partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela, Realak lortu du aldea zabaltzea: korner baten osteko aldaratzea baliatu du Franssik hirugarrena sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.