Real Madril 1-1 Reala

Hiru ezin direnean, baleko da puntu bat

Realak bana berdindu du Real Madrilen zelaian, irabazten joan eta gero. Txuri-urdinek 54. minutuan lortu dute abantaila, baina etxekoek 88. minutuan orekatu dute partida.

Cristian Portu eta Ferland Mendy, partidako une batean. JUANJO MARTIN  / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 1a
23:06
Entzun

Badira aurkari batzuk distira berezia dutenak. Haien aurka ondo aritzea jardun onaren berrespen izaten da. Haietako baten aurka garaipena lortzear izan da Reala, gertu izan baitu Real Madrili haren etxean irabaztea. Bana berdindu du azkenerako, baina agerian utzi du azken jardunaldietako lan ona ez dela kasualiatea izan. Europa begiz joa dute txuri-urdinek, eta helburu hori duenak maila guztietako taldeak estutu behar ditu. Lortu du hori, 88. minutura arte. Orduan berdindu du Real Madrilek; puntua ona izan da Realarentzat, baina mingostasun arrasto bat utzi dio, garaipena horren gertu izanda.

Dena den, berdinketa landua izan da. Bi taldeek elkarrekiko errespetu handia erakutsi dute hasieran. Lehendabiziko minutuetan, neurketa orekatua jokatua dute Real Madrilek eta Realak, aurkariari neurria hartu nahian. Atzeko lerroan sendo, eta erasora modu antolatuan jotzea hobetsi dute.

 Hala, banatu egin dute baloiaren jabetza. Zelaian presentzia irabazi nahian aritu dira. Lehen hogei minutuak igarota, ordea, aurrerako urratsa egin du etxeko taldeak. Espainiarrek Isco Alarconen jiran antolatu dute jokoa; zelai erdiaren eta erasoaren arteko lotura egiteaz arduratu da, eta atzera egin du Realak. Haiek izan dira Real Madrilen lehen zatiko unerik onenak; gola sartzeko aukerak izan dituzte, baina langak eta Alex Remirok eragotzi dute Zinedine Zidanerenak markagailuan aurreratzea.

Behin madrildarren lehen erauntsiari eutsita, erasoan zirrikituak aurkitzeari ekin diote donostiarrek. Kontraerasoa baliatu dute horretarako; atsedenaldira heldu aurretik ere horretara saiatu da Reala, baina ez oso eraginkor. Bi taldeek izan dituzte atsedenaldiaren aurretik golak sartzeko aukerak, nahiz eta Real Madrilek nagusitasun handiagoa izan eta Reala maiz deseroso aritu.

Golak, bigarren zatian

Atsedenalditik bueltan, erabat aldatu da hori. Realak konfiantzaz beteta ekin dio bigarren zatiari, presio egin du, eta berandu baino lehen jaso du saria: Portuk 0-1ekoa egin du 54. minutuan. Real Madrilen eskema aldaketak ahalbidetu du hori. Zidanek hiru atzelariko marrazkia ezarri du atsedenaldiaren ostean, Casemiro haiei laguntzera jaitsita, eta aurreratu egin ditu atzeko lerroko hegalekoak, erasora begira jarriz. Hortik heldu da Realaren gola; Martin Zubimendik zelai erdian berreskuratutako baloi baten ostean, hegaletik erasora egin dute txuri-urdinek, Lucas Vazquez aurreratuta zegoela aprobetxatu baitu Natxo Monrealek, hondoko marraraino heltzeko.

Bigarren zutoinean ere aurreratua zegoen beste hegalekoa, Ferland Mendy. Cristian Portuk buruz egindako errematea sarera joan da zuzenean. Hortik aurrera, Real Madrilek ero moduan egin du erasora. Realak, berriz, emaitzari nola hala heltzea izan du xede. Ez du lortu; Viniciusek banakoa egin du 88. minutuan. Hasieran, kolpea izan da, baina, hotzean, balio handiko puntua lortu du Realak, sasoi amaieran oroitzen direnetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.