Sexu abusuak

Zigorra handitu diote sei hilabetez adingabe batez abusatu zuen gizonari

Urte eta erdi handitu dio espetxe zigorra EAEko Justizia Auzitegi Gorenak, sexu abusu delitua "ia egunero" errepikatu zela aintzat hartuta.

Adingabeen kontrako abusuak salatzeko manifestazio bat, Getxon. JUANAN RUIZ, FOKU
2021eko martxoaren 3a
12:21
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Gorenak urte eta erdi handitu dio espetxe zigorra gizon bati, sei hilabetez 14 urteko neska batez "ia egunero" abusatzeagatik. Gizonari, hasieran, hamabost urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri zion Gipuzkoako Auzitegiak, baina neskaren abokatuak helegitea jarri zuen argudiatuz sexu-abusu delitua hainbatetan egin zuela gizonak eta zigor handiagoa behar zuela. Helegitearekin bat egin, eta hamasei urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du gizonak.

Gipuzkoako Auzitegiak hiru delitu leporatu zizkion: sexu abusuak, intimitatearen kontrako beste bat eta neska behartzearena. Abusuen ondorioz, neska haurdun geratu zen, eta abortatzera behartu zuen gizonak. Auzitegi Gorenak, zigorra handitzeko, argudiatu du sei hilabetez "ia egunero" izan zirela sexu abusuak, eta horrek agerian uzten duela zenbatetan gertatu ziren. Gizonaren erruduntasuna "bereziki larria" dela ebatzi du.

Gorenak azaldu du gizonaren eta neskaren logelak balkoi batek elkartzen zituela eta gizonak hori baliatu zuela; neskak baino 21 urte gehiago ditu. Zigorra handitzeko, gainera, aintzat hartu du gizonak ez zuela haurdunaldia eragozteko inolako antisorgailurik erabili. Gertatutakoaren ondorioz, neskak ondorio psikologikoak pairatu zituen, "depresioa, antsietatea, bere buruarekiko konfiantzaren galera, haserratzeko joera eta erru sentimendua. Horregatik guztiagatik, esan du Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako zigorrak ez zuela bat egiten gertatutakoarekin.

Gipuzkoako herri batean gertatu ziren abusuak, 2018ko urtarriletik aurrera. Gizonak logela bat alokatu zion neskaren amari, eta etxean pasatzen zuen denboran harengana gerturatu zen. Ekainean, neska haurdun geratu zen, eta gizonak kanela eta oregano infusio bat eman zion edateko, nahiz eta, Gorenak azpimarratu duenez, ez dagoen frogatuta horrek abortua eragiten duenik. Gero, klinika batera eraman zuen abortatzera, baina han jakinarazi zioten gurasoen baimena behar zuela horretarako.

Gorenak epaian jaso du gizonak zenbaitetan haserre hitz egiten ziola neskari, eta ukondoarekin kolpe txikiak ematen zizkiola eta atximurka egiten ziola. Sakelako telefonoa ere kentzen zion norekin hitz egiten zuen eta zertaz hitz egiten zuten kontrolatzeko. Gainera, gizonak bere sakelakoarekin "une intimoetan" ezkutuan grabatzen zuela ebatzi du. Abortua behartzeaz absolbitu egin dute gizona, ordea, neska horretara behartu ez zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.