Berdintasuna

Emakumeek egiten dituzte etxeko lanen %67 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustaten datuen arabera, egoerak okerrera egin du 2013tik. Arartekoak eta Eudelek ohartarazi dute zaintzaren pisurik handiena emakumeen gain geratzen dela.

Etxean xurgagailua pasatzen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 5a
15:53
Entzun

Martxoaren 8aren bezperetan, datu adierazgarri bat eman du Eustatek: emakumeek egiten dituzte etxeko lanen %67,2 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, datuak okerrera egin du, 2013an etxeko lanen %66,7z arduratzen baitziren emakumeak.

Badago aldea gizonek eta emakumeek egiten dituzten etxeko lanen artean ere. Zaintza lanei dagokienez, emakumeek egiten dituzte hezkuntzari eta haurren, adinekoen nahiz gaixoen zaintzari lotutako lanen %65. Janariari lotutako eginbeharren —erosi, kozinatu, ontziak garbitu...— %69 ere emakumeek egiten dituzte, baita etxeari lotutakoen—erosketak egin, garbitu, konponketak egin...— %62 ere. Desoreka oraindik eta nabarmenagoa da arropari lotutako lanetan —arropa erosi, garbitu, lisatu...—, emakumeek egiten baitituzte lan horien %83.

Egoera horrek isla du gizonek eta emakumeek etxeko lanak egiten igarotzen duten denboran. Gizonen %89k bi ordu edo gutxiago igarotzen dituzte etxeko lanak egiten. Beste muturrean daude emakumeen %27,5, egunean hiru ordu edo gehiago pasatzen baitituzte etxeko lanak egiten. Desberdintasunak mantendu egiten dira 15 urtetik beherako seme-alabak euren kargura dituzten emakumeen eta gizonen artean ere. Batzuek zein besteek etxetik kanpora lan eginda, emakumeek 4,7 ordu pasatzen dituzte seme-alabak zaintzen; gizonek, berriz, 3,3 ordu. Gainera, emakumeen %50,6k bost orduan edo gehiagoan zaintzen dituzte adin txikiko horiek; aldiz, gizonen %24,6k pasatzen dituzte hainbeste ordu. Menpekotasunen bat daukaten pertsonak zaintzea ere emakumeen gain geratzen da: emakumeak batez beste 2,3 orduan aritzen dira horretan, eta gizonak, ordu eta erdian. Emakumeek egiten dituzten lan horiek guztiek barne produktu gordinaren %18,6 izango lirateke; gizonek egindakoak, aldiz, %9,1.

Etxeko lanetan ez ezik, etxetik kanpora egindakoetan ere badago aldea. Emakumeen %60,5ek lanaldi jarraitua egiten dute, eta gizonen artean, %50,3k. Gainera, askoz gutxiago dira zuzendaritza postuetan dauden emakumeak: %34,23k dute gisa horretako lanposturen bat.

Eztabaida zaintzaren inguruan

Datuek erakusten dute batez ere emakumeen gain geratzen dela zaintza. Horri nola buelta eman eztabaidatzen aritu dira Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak galdetu du ea erakundeek zaintzen al duten, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio emakumeak ez jartzeko lehen lerroan, eta eurek duten arduran jartzeko fokua. «Erakundeek zaintzen dute, baita familiek eta gizarteak ere», erantzun dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Urkulluk «zaintzaren berrantolaketa soziala» defendatu du, baita orain arte emandako pausoak goraipatu ere: «Zaintzaren instituzionalizazioan aurrera egin dugu, eskubideak ezarri ditugu, eta zaintza sozialen eta osasun eta hezkuntza arloko zaintzen sistema bat bultzatu dugu, hobetu daitekeena, baina zabaltzen jarraitu nahi dugun ekitate oinarri bat ezartzen duena».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arartekoa den Manuel Lezertuak ere zaintzari erreparatu dio. Haren arabera, pandemiak erakutsi du emakumeek zenbat eman duten beste pertsonak zaintzeko. Martxoaren 8aren harira, adierazpen instituzional bat kaleratu du, genero berdintasuna aldarrikatuz: «Zenbat eta genero berdintasun gehiago, orduan eta demokrazia gehiago, giza eskubideen babes hobea eta ongizate gehiago gizarte osoarentzat». Azpimarratu du, ordea, badagoela zeregina oraindik.

Zaintzan jarri du arreta Eudel Euskal Udalen Elkarteak ere. Udaletara bidali duen adierazpen instituzionalean aitorpena egin diote emakumeek pandemiari eta horren ondorioei aurre egiteko egin duten borrokari: «Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan —osasungintzan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, merkataritzan, elikaduran...—, bai etxe barruan, eta, batez ere, haiek eraman dute osasun eta gizarte krisi honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama». Gainera, nabarmendu dute «banaketa desorekatua» izan dela, besteak beste, klase sozialaren eta arrazializazioaren arabera. Kasurik gehienetan «egoera prekarioan» egindako lanak direla ere gogorarazi dute, eta hori konpontzeko eskatu: «Bada garaia zaintza lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.