BIDASOA 26-30 ADEMAR

Irundarrek agur esan diote Espainiako Kopari

Irungo taldeak galdu egin du Ademarren aurka finalerdietan, Madrilen. Oso garesti ordaindu ditu partidan izan dituen gorabeherak.

Julen Aginagalde, jaurtitzen, gaur, Ademarren aurkako partidan. J. J. CARDENAS / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 6a
19:41
Entzun

Espainiako Koparekin adiskidetu nahian iritsi zen Bidasoa Madrilera, eta lehiaketa horrekin bakean geratu gabe bueltatuko da Irunera (Gipuzkoa). Atera zuen lehenbiziko arantza, finalerdiak azkeneko aldiz jokatu eta 25 urte geroago finalaurrekoetara iritsita. Txapeldun izan zen orduko hartan, baina oraingoan, erdibidean geratu da, finalaren atarian. Ademarrek kanporatu du. Leongo (Espainia) taldeak 26-30 irabazi dio gaur, eta lehiaketatik kanpo utzi du.

Merezita jokatuko du Ademarrek finala, Bidasoa baino gehiago izan baita. Erregularragoa izan da batez ere, partida hasi eta buka. Irundarrak, ordea, gorabeheratsu aritu dira, eta une onak baino gehiago izan dituzte txarrak. Horrek desorekatu du neurketa Espainiakoen alde. Alferrikakoa izan da oraingoan Jose Manuel Sierraren lan eskerga. Final-laurdenetan egin bezala, bikain aritu da Bidasoako atezain beteranoa: hamahiru geldiketa egin ditu. Harengatik izan ez balitz, lehen zatian jadanik oso maldan gora izango zuen norgehiagoka Jacobo Cuetarak entrenatutako taldeak. Izan ere, 21. minutuan, lau gol zen aurretik Ademar (8-12), eta Bidasoa jokalari bat gutxiagorekin zegoen. Aurkariaren kontraerasoa min handia ari zitzaien egiten irundarrei. Baina hortxe azaldu da Sierra, atea horma bilakatzeko. Horrek taldekideak hauspotu ditu, eta defentsan sendo eta erasoan eraginkor arituta, buelta eman diote neurketari: 14-13.

Parekatua hasi da bigarren zatia, baina pixkanaka berriro hasi da desorekatzen Ademarren aldera. Gauzak zail jarri zaizkio berriro Bidasoari. Bi gol jarri da atzetik (16-18), baina beste behin, Sierrak eutsi du Bidasoa. Baina hezur-haragizkoa da Sierra, ez makina, eta hirugarren ahaleginean lortu du aurkariak helburua: zortzi minutuz izan du Bidasoa golik sartu gabe, eta, horri esker, lau golen aldea lortu du (18-22).

Ordu laurden falta zen. Arriskatu beharra zuten irundarrek. Halakoetan saria edo zigorra jaso daiteke, eta bigarrena jaso dute. Hala, Bidasoaren presak baliatuta, Ademarrek sei golen zuloa egin du lau minutu falta zirela: 22-28. Akabo lehia, eta akabo 25 urte geroago finala jokatzeko ametsa. Koparekin bakeak egin gabe itzuliko da etxera Bidasoa.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.