Reala 1-0 Levante

Barkatzen duenak ez du beti ordaintzen

Realak neurketa nahi zuen lekuan izan du 80 minututan, eta gol gehiago sartzeko aukera mordoa izan du; tartean, Oiartzabalek huts egindako penalti bat. Merinok sartu du etxekoen gola, 9. minutuan. Sailkapeneko bosgarren postuan sendotu dira txuri-urdinak.

Oiartzabal eta Merino, Realaren goleko bi protagonistak, gaur, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 7a
20:54
Entzun

Barkatzen duenak beti ordaintzen omen du. Zorionez, ordea, esanak dioena ez da bete gaur Anoetan, eta Realak bat eta huts irabazi dio Levanteri; hori bai, azken minutuetan behar baino gehiago sufrituta. Donostiarrek gol aukera bikainak izan dituzte, mordo bat. Azkenean, ordea, balio izan du Mikel Merinok neurketaren hastapenean sartutakoak, eta Realak bizirik jarraitzen du Txapeldunen Ligara sailkatzeko lehian; hiru puntura du neurketa bat gutxiago jokatu duen Sevilla.

Partida hasieratik argi ikusi dira bi entrenatzaileen asmoak: Paco Lopezek bost defentsa zelairatu ditu, aulkitxoan utzi ditu Roger eta De Frutos erasoko jokalariak, Realari utzi dio baloia, eta kontraerasoak bilatu ditu aukera izan duenetan. Kontraerasotzeko, ordea, defensan egin behar da lan lehenik, eta horretan erabat eskas ibili dira Levantekoak; Reala nahi bezala eta nahi bestetan heldu da Dani Cardenas atezainak bikain defendatu duen atearen parera.

Bederatzigarren minutuan iritsi da norgehiagokako gol bakarra. Aurretik, jada zutoinera bidalia zuen jaurtiketa bat Merinok. Nafarrak berak area kanpotik egin du jaurtiketa bat, ondo geratu du Cardenasek, aldaratzea Oiartzabali heldu zaio, eta Realeko kapitainak patxadaz gidatu du jokaldia: Merino mugitu arte itxaron du, eta kondeak eibartarraren erdiraketa bultzatu besterik ez du egin behar izan.

Itxura ona zuen lehiak Realarentzat, are gehiago 20. minutuan penalti bat alde seinalatu diotenean. Protagonistak, goleko berberak: Merinok areatik gertu berreskuratu du baloi bat, Oiartzabali utzi dio, eta hura aurretik eraman du defentsak. Eibartarrak, ordea, zuzenean kanpora bota du penaltia; jarraian huts egiten duen hirugarrena da.

Aukera zenbaezinak

Hurrengo minutuetan Realak izan dituen gol aukerak zenbaezinak dira. Txuri-urdinek hainbat baloi errekuperatu dituzte areatik gertu, eta aukerak izan dituzte Isakek, Silvak, Le Normandek, Oiartzabalek... batek berak ere ez du sareetan amaitu.

Bigarren zatian itxura hobea eman du Levantek, baina, hala ere, arean setiatu du Realak. Merinok sartu du gola, 48. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du, Isakek Cardenasi oztopo egin diola eta. Le Normandek baloi bat zutoinera ere bidali du.

Gola, ordea, ez da iritsi, eta aldaketekin hobera egin du Levantek, eta okerrera Realak. Azken hamar minutuetan paperak aldatu dituzte, eta donostiarrak izan dira euren arean sartu direnak. Valentziarrek, ordea, ez dute aukera garbirik sortu, eta hiru puntuak Anoetan geratu dira. Arnasa lasai hartu du batek baino gehiagok.

Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva (Guridi, 80'); Januzaj (Portu, 72'), Oiartzabal (Barrenetxea, 72') eta Isak (Carlos Fernandez, 79').

Levante: Cardenas; Duarte, Vezo, Coke (Malsa, 56'), Son, Toño (Clerc, 81'); Vukcevic (De Frutos, 56'), Bardhi, Rochina (Doukoure, 69'); Morales eta Dani Gomez (Roger Marti, 69').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.