Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaintza lanak aitortzeko eskatu dute sindikatuek

ELAk salatu duenez, «lehen lerroan» egon diren hainbat emakumek ez dute aitortzarik jaso. LABek ere «sektore feminizatuen duintasuna eta aitortza» eskatu ditu.

LAB sindikatuak deitutako manifestazioa, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. LAB SINDIKATUA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 8a
13:06
Entzun

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, kaleak hartu dituzte sindikatuek ere. ELAk, esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien aurrean egin ditu elkarretaratzeak. LABek, berriz, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza aukeratu du mobilizatzeko. Batzuek zein besteek mezu nagusi bat zabaldu dute: zaintza arloan egiten den lanari balioa eman behar zaiola.

ELAk gogoan izan ditu pandemian «lehen lerroan» egon diren emakumeak: «ELArentzat 2021eko martxoak 8 honetan hamaika emakume izan daitezke urteko protagonistak. Horiei denei egin nahi diegu aitortza hau», azpimarratu du Maialen Aranburu ELAko Berdintasun arduradunak ohar bidez. Aitortza egitearekin batera, borrokan jarraitzeko deia ere egin du: «Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea eta mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde»

Bereziki azpimarratu du pandemian ere bazterrean egon diren emakumeen lana, txalorik jaso ez dutenena: supermerkatuetako langileena, norbera babesteko ekipamendu gisa zabor poltsak erabili zituztenena, inguruan jendea «etengabe» hiltzen zitzaion adinekoen egoitzako langileena, bere egoera administratiboa irregularra zelako «deportatzeko mehatxua» egiten zieten etxeko langileena... Horientzat ez dela «keinu bat ere» egon salatu du Aranburuk: «Lan arloan edo alde emozionaletik ez zaie erreparaziorik eman, negozioaren interes ekonomikoa kokatzen baita pertsonei zainduak izateko eta arreta duina jasotzeko zor zaien eskubideen gainetik». Bereziki nabarmendu du zahar etxeetako eta egoitza soziosanitarioetako langileek eta etxeko langileek egindako lana: «Sistemak ez ditu ikusten, ezta aitortzen ere, baina langile hauek egiten dituzten etxeko eta zaintza lanak ezinbestekoak ziren pandemia aurretik eta badira ondoren ere, herritar asko eta askoren zaintza eta bizitzak sostengatu ahal izateko».

LABek, berriz, emakumeen batzar bat egin du, eta, ondoren, manifestazio batean joan dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazaraino, Sektore feminizatuetan, duintasuna eta aitortza! Prekaritatea arrakalatu lelopean. Bidean, EAJren egoitzaren aurrean, geldialdi bat egin dute, eta, besteak beste, garbitzeko materiala eta fardelak utzi dizkiete. «EAJren egoitzan agerian utzi dugu zaintza lanen atzean dagoen negozioan erantzukizun zuzena dutela jeltzaleek», adierazi dute sare sozialen bidez. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio. Haren irudiko, ez dauka «borondate politikorik» zaintzari lotutako lanetan soldata arrakalarik eta prekarietaterik egon ez dadin. Eta ohartarazpen bat egin du: «Emakumeen lana duindu eta zaintza lanak aitortuko balira, sistema kapitalista honek ezingo luke aurrera segitu».

Garbiñe Aranburuk ziurtatu du egungo egoera mantentzea «erabaki politiko baten» ondorioa dela. Gogorarazi du EAJ dela euskal erakunde nagusitako gobernuen burua, eta, horrenbestez, erabaki horietan erantzukizuna duela. Egoera aldatu dadin, Aranburuk nabarmendu du euskal erakunde horiek eskumenak badituztela pausoak emateko, zaintza sistema publiko baten alde egin eta «negozio izateari utz diezaioten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.