Presoak txertatzeko «presazko protokolo» bat eskatu du Etxerat-ek

Euskal presoen senideen elkartearen ustez, «guztiz desegokia» da presoen txertaketa atzeratzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia. Gogorarazi dute presoak «arrisku handiko taldea» direla.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 11
18:02
Entzun

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak presoak txertatzeko «presazko protokolo bat» ezar dezatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta Espainiako Gobernuari galdegin dio preso guztientzako txertaketa plan bat jar dezala. Izan ere, elkarteak salatu du Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin duela presoen txertaketa, eta hori «guztiz desegokia» dela deitoratu du: «Azaldu den bezala, erabaki hori aurrerago hartuko da, txertoen eskuragarritasunaren arabera eta adin segmentuekin lotutako irizpideak kontuan hartu gabe». Etxerat-ek oroitarazi du presoak «arrisku handiko taldean» daudela, eta, beraz, lehentasunez txertatu beharko lituzketela: «Erabilera komuneko espazio oso itxiak partekatzen dituzten pertsonak dira, kutsatze faktoreak biderkatzen zaizkielarik, eta, gainera, oso neurri murriztaileak aplikatu zaizkie». 

Gogorarazi dutenez, Martutenen, Basaurin eta Iruñean etenda dauzkate aurrez aurreko bisitak, Espainiako Estatuko espetxe gehienetan bezala. Zaballan, berriz, hamabi pertsonari eragin zien agerraldi bat detektatu zuten urtarrilean. 

Etxerat-ek salatu du «inoiz» ez dela «bermatu» preso dauden pertsonen «segurtasuna», ezta oraindik osasuna babesteko neurririk ezarri ere, «hala nola, kalitatezko musukoak emanez kopuru egokian, baita beste osasun elementu batzuk ere».

Frantziako Gobernuari dagokionez, kartzeletara iristean senideei test azkar eta doakoak egiteko proposamena berretsi du elkarteak. Frantziako zein Espainiako estatuetako espetxeetan bisitak berreskura daitezela galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.