Koronabirusa

Bertan behera utzi dituzte AstraZenecaren txertoarekin egitekoak ziren 24.700 txertaketa

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi dituzte aste honetan botika etxearen txertoarekin egitekoak ziren txertaketak. Azpimarratu dute txerto horrek ez duela eragin nahi gabeko ondorio larririk Hego Euskal Herrian.

AstraZeneca botika etxearen txertoa. KAI FORSTERLING / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 16a
16:46
Entzun

Atzo erabaki zuten Euskal Herrian AstraZenecaren txertoa jartzeari uztea, eta horrek eragina izango du egitekoak ziren txertaketetan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, aste honetan 24.000 laguni jarri behar zieten AstraZenecaren txertoan; Nafarroan, berriz, 700 herritarri ematekoak ziren, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Orotara, beraz, bertan behera utzi dituzte txerto hori hartzeko aste honetako 24.700 txanda. Sagarduiren hitzetan, «agindu berri bat eman arte» indarrean egongo da neurria.

Txertaketa etenda ere, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azpimarratu du AstraZenecaren txertoa «segurua eta eraginkorra» dela, eta «lasaitasun eta konfiantza» mezua zabaldu du. Botika etxearen 17.251 dosi jarri dituzte Nafarroan, eta, haren hitzetan, atzeman dituzten nahi gabeko ondorioen %99 arinak izan dira: sukarra, buruko mina, ziztada jasotako lekuan mina izatea... Sagarduik ere «zuhurtziazko mezua» helarazi die herritarrei. Guztira, AstraZenecaren txertoaren 52.760 dosi jarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ez dute nahi gabeko ondorio larririk atzeman.

Bitartean, AstraZenecaren txertorik ez, baina Pfizerrenak eta Modernarenak jartzen segituko dute. Hego Euskal Herrian, Pfizerren 37.440 dosi jaso zituzten atzo, eta Jaurlaritzak jakinarazi du Modernaren 10.600 dosi ere bidali dizkietela. Sagarduik azaldu duen eran, horiekin 90 urtetik gorakoei lehen txertoa jartzen amaitu nahi dute —dagoeneko %89ri jarri diete—, baita 80 urtetik gorakoekin jarraitu ere— %24k hartu dute lehen dosia—. Osasun arloko langileei lehen eta bigarren dosiak jartzen ere jarraituko dute. Antzeko asmoak dituzte Nafarroan ere: 80 urtetik gorakoak txertatzen arituko dira. Gainera, gero eta dosi gehiago jasotzea espero dute: hurrengo bi asteetan Pfizerren beste 9.360 dosi jasoko dituzte; apirilean, berriz, astero 17.550. Horrela, datorren hilean Pfizerren 70.200 dosi jasoko dituzte, ia urtarrilean eta otsailean jaso zituzten adina —72.680 izan ziren—.

Tronbosiekin zerikusia izan zezakeelakoan eten zuten AstraZenecaren txertoarekin egiten ari ziren txertaketa. Hori ekidite aldera, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak dokumentu bat bidali die mediku taldeei, AstraZenecaren txertoari lotutako garuneko sinu benosoen tronbosien «alarma sintomak» zehaztuz. Zehazki, aurreko hamalau egunetan AstraZenecaren txertoa hartu dutenei zaindu behar zaizkien sintomak zen diren azaltzen du; horien artean ohikoena zefalea gogorra izaten da.

Eraginkorrak dira

AstraZenecaren txertoa bertan behera uzteak sor dezakeen ziurgabetasunaren erdian, txertoek duten eraginkortasuna nabarmendu du Sagarduik. Esandakoak berresteko, hainbat datu eman ditu: lehen dosia hartu duten 974 lagunek eman dute positibo; hau da,%0,56k. Kopurua %0,42ra jaisten da txertoa hartuta zazpi egun baino gehiago zeramatzatenen kasuan. Kopuruak are murritzagoak dira bi dosiak hartu dituztenen kasuan: %0,13k eman dute positibo, eta zazpi egun igarota zituztenen kasuan, %0,07k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.