Hezkuntza-Unibertsitatea

Unibertsitateko bekadunen egoera hobetzeko plan bat abian jarriko dutela iragarri du Iztuetak

Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak aurretatu duenez, unibertsitateko ikerketa alorrarekin zerikusia duten bekadunen egoera hobetzeko plan bat jarriko dute abian datorren urtean. Iztuetak bekadunen egoerari buruzko diagnosi bat aurkeztu du Legebiltzarrean. Txosten horren arabera, EAEn 1.051 bekadun daude, horietako 979 EHUn, 50 Deustun eta 22 Mondragon unibertsitatean, eta hilean 110.000 eta 160.000 pezeta arteko diru-saria jasotzen dute, Gizarte Segurantza kotizatu gabe. Hala, PP eta PSE-EEko talde parlamentarioek Iztuetak aurkeztutako egitasmoa kritikatu dute, "berandu eta gaizki" aurkeztu duelako.

2003ko azaroaren 6a
17:00
Entzun
Hezkuntza sailburuak aurkeztutako datuek diotenez, bekadun gehienak emakumezkoa dira –Deustuko unibertsitatean hamar bekadunetatik zortzi–, eta orokorrean "ez daude batere konforme" egungo egoerarekin, "ez baitute Gizarte Segurantza kotizatzen eta bekadun garaia ez delako aktibitate profesional bezala aitortzen".

Anjeles Iztuetak bekadunen garrantzia azpimarratu du aurkezpen ekitaldian, "EAEKo sistema publiko eta pribatuko ikerlarien kopuru handia ordezkatzen dutelako". Hala, Gizarte Segurantzarekin dauden aferak eta prestazioak datozen hilabeteetan konpondu beharreko kontuak direla nabarmendu du. Iztuetaren esanetan, bidean den Euskal Unibertsitate Legeak bekadunen egoera hobetzea aurreikusten du, eta urtea amaitu aurretik Unibertsitateen Euskal Kontseiluaren barnean gaia honetaz eztabaidatzeko batzorde berezi bat sortuko dutela iragarri du.

Hurrengo urratsa Ikerketa Plan Estrategiko bat sortzea izango dela esan du Iztuetak, eta bekadunak karrera amaitzeko plan bat jasoko da bertan. Ondoren, bekadunaren mapa zehaztuko dute, ikertu beharreko arloetan dauden eskaintza guztiak jasoko dituena.

PP eta PSE-EEren kritikak

PP eta PSE-EEko talde parlamentarioek Iztuetak aurkeztutako egitasmoa kritikatu dute, "berandu eta gaizki" aurkeztu duelako. PSE-EEko Isabek Celaaren arabera, txostenak "bekadunaren perfila bakarrik" jasotzen du, "aurrerago joan gabe" eta berriki Espainiako Gobernuak onartu duen Bekadunaren Estatutua den moduan, hau ere "motz geratzen" dela aipatu du.

PPKo Iñaki Ortegak Hezkuntza sailburuak ez duela ezer egin azpimarratu du, "azterketa hori unibertsitateek egin dutelako", eta Espainiako Gobernuak onarturiko Bekadunaren Estatutua defendatu du, "Gizarte Segurantza kotizatzea aurreikusten duelako".

Gasteizko Gobernua osatzen duen Hirukoak Iztuetaren aurkezpenari babesa eman dio. Iztuetak Bekadunaren Estatutua kritikatu du, "bost bekadunetik lau kanpoan uzten dituelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.